Mundua -
lurrikara
Tibeteko lurrikarak 126 hildako eragin ditu dagoeneko
Ehunka pertsona zaurituta daude, gainera. Lur astindua Txinan 09:05 zirenean jazo da, eta 6,8ko indarra izan du. Bangladeshen, Nepalen, Bhutanen eta Indian ere sentitu dute dardara, baina han ez da biktimarik izan.
Agentziak | EITB Media
Gutxienez 126 pertsona hil dira eta ehunka zauritu Tibeten (Txina) izandako 6,8ko indarreko lurrikara batean, Nanfang Daily egunkariak jakinarazi duenez.
Lur astindua Shigatseko prefekturan 09:05 zirenean jazo da (02:05ean, Euskal Herrian). Lurrikarak 10 kilometroko sakoneran izan du epizentroa, Tingri konderrian. Bangladeshen, Nepalen, Bhutanen eta Indian ere sentitu dute dardara, baina han ez da biktimarik izan.
Lurrikararen ondotik, 50 bat erreplika izan dira, gehienez lau magnitudekoak.
Hildako gehienak konderri horretan izan dira, eta 1.000 etxebizitza baino gehiago behera etorri dira, egunkari beraren arabera. Gertu dagoen Lhaze konderrian bi hildako erregistratu dira.
Xi Jinping Txinako presidenteak agindua eman du harrapatuta egon daitezkeenak bilatzeko eta erreskatatzeko. Era berean, eskatu du zauritutakoak lehenbailehen artatzea, eta gerta daitezkeen errepliken ondorioak txikitzeko neurriak hartzea.
Ildo beretik, Tashi Dundup Tingriko gobernadoreak jakinarazi duenez, lurrikara izan den tokiaren inguruko eremuak jendez husten ari dira, errepliken beldur.
Dalai Lamak (Indian dago erbesteratuta) bere tristura agertu du "lurrikara suntsitzailerengatik". Adierazi du: "bizia galdu duten guztien alde otoitz egiten ari naiz, eta zauritutakoei albait arinen osatzeko opa diet".