Mundua -
EUROPA
Musk demokraziarentzat arriskutsua dela ohartarazi dute Europako buruzagiek
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "nazioarteko olatu atzerakoia babestea" eta beste herrialde batzuetako hauteskundeetan, Alemanian kasu, esku hartzea leporatu dio Muski. Keir Starmer lehen ministro laboristak "gezurra esateaz eta desinformazioa zabaltzeaz" erantzule egin du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako hainbat buruzagik Elon Musk eszentrikoaren aurka egin dute astelehen honetan, eta Xren jabea demokraziarentzat arriskutsua dela ohartarazi dute, Alemaniako politikan sartu dela eta.
Donald Trump AEBko presidente hautatuaren aholkulari ere badenak publikoki bere babesa eman dio Alice Weidel Alemaniarako Alternatiba (AfD) alderdi ultraeskuindarreko hautagaiari. "Tonto" deitu dio Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrari, eta "tirano antidemokratiko", berriz, Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteari.
Europako Batzordeak erantzun du Muskek adierazpen askatasunerako eskubidea duela baina Alemaniako hauteskundeen aurrean, demokrazia arriskuan jar dezakeen edozein arrisku aztertuko dutela, Zerbitzu Digitalen Lege komunitarioari jarraiki. "Muga batzuk daude, batez ere plataforma bat testuinguru horretan erabiltzen denean edo oker erabiltzen denean", adierazi du Thomas Regnier EBren bozeramaileak.
Muskek datorren ostegunerako Weidelekin zuzeneko elkarrizketa bat iragarri du bere sare sozialean, eta Weidel dela "Alemania salbatzeko" gai den bakarra gaineratu.
"Internazional erreakzionarioa"
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere "nazioarteko korronte atzerakoi berria babestea" eta beste herrialde batzuetako hauteskundeetan, Alemanian kasu, esku hartzea leporatu dio Muski.
Macronek ohartarazi du egon badagoela "erreakzionarioen nazioarteko talde bat", "finantza-interes pribatu handiak" ordezkatzen dituena, eta horrek aprobetxatzen duela "gure demokrazia liberalak ez direla klase ertaina babesteko behar bezain eraginkorrak izan".
Era berean, enpresa teknologiko handiak, aukera berriak emateaz gain, Estatuak mehatxupean jartzen ari direla eta ohartarazi du, gero eta botere handiagoa dutelako.
Jonas Gahr Støre Norvegiako lehen ministroa ere kezkatuta agertu da Elon Musk aberats teknologikoak Alemaniako eta beste herrialde batzuetako egoera politikoari buruz egin berri dituen iruzkinengatik.
"Uste dut kezkagarria dela sare sozialetarako eta baliabide ekonomiko handietarako sarbide handia duen gizon bat beste herrialde batzuetako barne-arazoetan hain zuzenean sartzea. Ezin da horrela izan demokrazien eta aliatuen artean", esan dio Størek NRK Norvegiako telebista publikoari.
Christian Lindner Alemaniako Alderdi Liberaleko (FDP) buru eta Finantza ministro ohia Musken mireslea izan den arren, gogor kritikatu du Alemaniako, politikan sartu izan eta "kaosa" sortu nahi izatea eta Alemania "ahuldu" nahi izatea leporatu dio.
"Gezurrak eta desinformazioa zabaltzea"
Muskek politikari britainiarren aurka ere egin du azken egunotan. Keir Starmer lehen ministro laboristari, esaterako, "Britainiarren aurkako krimen izugarrien arduradun" izatea leporatu zion X sareko jabeak, Fiskaltzako buru zenean Erresuma Batuan izandako "bortxaketa masiboak" ez ikertzeagatik.
Era berean, Jess Phillips Erresuma Batuko emakumeen eta neskatoen aurkako babes eta indarkeriaren ministrordearen aurka ere egin zuen Muskek. Adierazi zuen Phillipsek "bortxaketekin eragindako genozidioaren apologista" egin zuela, eta "espetxeratu" egin beharko luketela ere gaineratu zuen, haurrei sexu-abusuak egiteko talde antolatuei buruzko ikerketa publiko baten eskaerari uko egiteagatik.
Starmer lehen ministroak irmoki defendatu du Phillips "gezurrak eta desinformazioa zabaltzen dutenen aurrean", Musken ahozko erasoei erreferentzia eginez. "Gezurrak zabaltzen dituztenak ez daude biktimekin arduratuta" esan du Starmerrek, eta eraso horien helburua "gizartea beldurraraztea eta eta indarkeria-mehatxuak bultzatzea" dela ere gaineratu du, "komunikabideek mezu hori zabalduko dutelakoan".
Muskek Nigel Farage Reform UK eskuin muturreko Britainiako alderdiaren buruzagia ere zalantzan jarri du, karguan jarraitzeko gaitasunik ez duela adieraziz.