Mundua -
ESTATU BATUAK
AEBko Kongresuak Donald Trumpen garaipena baieztatu du
Senatuak eta Ordezkarien Ganberak elkarrekin egindako saio batean, Legegileak ziurtatu du Trumpek 312 boto jaso zituela; Kamala Harris aurkari demokratak, 226.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak Donald Trump errepublikanoak presidentetzarako hauteskundeak irabazi dituela ziurtatu du astelehen honetan.
Duela lau urte ez bezala, lasaitasunez garatu da ekitaldia. 2021ean, Trumpen jarraitzaileak bortizki sartu ziren Kapitoliora, Joe Biden AEBko presidentearen garaipena ziurtatzea saihesteko asmoz.
Gaur, Senatuak eta Ordezkarien Ganberak elkarrekin egindako saio batean, Trumpek 312 boto jaso zituela ziurtatu du Legegileak, eta Kamala Harris aurkari demokratak 226.
AEBko presidenteordea denez, Senatuko presidente ere baden Harrisek berak izan du emaitzak iragartzearen ardura.
Ekitaldi azkarra izan da, 30 minutu baino ez ditu iraun. Horixe izan da legegileek 50 estatuetako eta Columbia barrutiko emaitzak irakurri eta zenbatzeko behar izan duten denbora.
Kontrastea duela lau urtekoarekin
Gaurko saioak ez du zerikusirik izan duela lau urte Trumpen jarraitzaileek Kongresuari eraso egindako egunarekin. Asaltoaz gain, 147 legegile errepublikano prozedurak dituen mekanismo guztiak baliatzen saiatu ziren emaitzei hainbat objekzio aurkezteko eta Biden presidente izendatzea zapuzteko.
Astelehen honetako ekitaldian inork, ez demokratek ez errepublikanoek, ez dute inolako eragozpenik jarri.
Trumpen garaipena iragartzean dozenaka legegile errepublikano txaloka hasi dira.