Mundua -

Krisi politikoa

Austriako presidenteak Kickl ultraeskuindarrari eman dio gobernua osatzeko ardura, demokrazian lehen aldiz

Karl Nehammer kantziler eta buruzagi kontserbadoreak dimisioa eman ostean, OVP alderdi popularra FPOko eskuin-muturrarekin negoziatzeko prest agertu da.

Van der Bellen (ezkerrean), Kickl agurtzen. Argazkia: EFE
Van der Bellen (ezkerrean), Kickl agurtzen. Argazkia: EFE
Van der Bellen (ezkerrean), Kickl agurtzen. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexander Van der Bellen Austriako presidenteak Herbert Kickl FPO eskuin-muturreko alderdiaren buruari eman dio gobernua osatzeko zeregina, kontserbadoreen, sozialdemokraten eta liberalen arteko negoziazioek porrot egin ostean.

Gaur goizean Kicklekin ordubetez batzartu ostean, estatuburuak esan du OVP alderdi popularrarekin koalizio gobernua osatzeko negoziazioa abiatzeko agindua eman diola.

"Kickl jaunak nahikoa konfiantza badu gobernua osatzeko negoziazioetan irtenbide bideragarriak bilatzeko, eta ardura hori hartu nahi du. Ondorioz, OVPrekin gobernua osatzeko elkarrizketak abiatzeko eskatu diot", azaldu du Van der Bellenek.

"Ez dut pauso hau emateagatik eman, gure Konstituzioaren printzipio eta arauak ongi betetzen direla egiaztatzen jarraituko dut", gaineratu du presidenteak, iraganean Kickl buru izango lukeen gobernu baten aurka agertu zen arren.

Historian lehenengo aldiz eman diote gobernua osatzeko agindua eskuin-muturreko FPO alderdiari, irailaren 29ko hauteskundeetan % 29ko babesarekin garaipena eskuratu baitzuen.

"OVPk atzera egin du, eta jada ez du erabat errefusatzen Kicklekin lankidetza abiatzea. Hori da egoera berria", esan du Van der Bellenek Christian Stocker kontserbadoreen buru berriak igandean iragarri zuenaren harira.

Stockerrek Karl Nehammerren postua hartu zuen atzo, hark larunbatean kantziler gisa dimisioa eman ostean. OVPren, SPO sozialdemokrataren eta Neos liberalaren artean hiruko gobernua osatzeko ahaleginak porrot egin ostean erabaki zuen kargua uztea.

Nehammer Kicklekin koalizioa osatzearen aurka zegoen, jarrera xenofoboak, errusiaren aldekoak eta Europar Batasunaren aurkakoak leporatzen baitizkio.

Stockerrek, orain arte OVPren idazkari nagusi izan denak, baina, FPOrekin koalizio gobernua negoziatzeko prest dagoela esan berri du.

Kickl Barne ministro izan zen Sebastian Kurz kantziler kontserbadorearen garaian, 2017tik 2019ra.

Koronabirusaren aurrean hartutako neurriak ez ezik, Ukrainari ematen zaion babesa eta Errusiaren aurkako isunak ere kritikatu ditu. Austriak, neutrala izanik, NATOrekin duen lankidetza eta Europar Batasuna bera kritikatzen ditu.

Kicklen aliatu nagusietako bat Viktor Orban Hungariako lehen ministro ultranazionalista da, eta harekin batera osatu zuen Europako Patriotak, Europarlamentuko hirugarren talde handiena.

Gainera, FPOk harreman estua du Alternatiba Alemaniarentzat (AfD) eskuin-muturreko alderdi alemaniarrarekin. Justiziak ikerketapean du alderdi politiko hori, mezu naziak zabaldu dituen argitzeko.

Hain zuzen ere, buruzagi nazi ohiek sortu zuten FPO alderdia Bigarren Mundu Gerraren ostean, eta herrialdeko eskuin-mutur osoa barne hartzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Austria Ultraeskuina