Mundua -

GAZAKO ZERRENDA

Neguko hotzak eta aterpe faltak gutxienez zazpi haur jaioberriren heriotza eragin du Gazan

UNRWA Nazio Batuen agentziak adierazi duenez, Mawasi errefuxiatuentzako kanpalekuan muturreko hotzaren ondorioz hilabete eskaseko haurtxo bat hil da bart. Israelgo armadaren bonbak ez ezik, hotza da orain Gazako herritarren mehatxu nagusia negu betean, bereziki haurrena.

Haur jaioberri bat hilda Gazako Zerrendan. Irudia: EF
Haur jaioberri bat hilda Gazako Zerrendan. Irudia: EFE
Haur jaioberri bat hilda Gazako Zerrendan. Irudia: EF

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) ohartarazi duenez, azken egunotan, muturreko hotzaren eta aterpe faltaren ondorioz, haurtxoak hiltzen ari dira Mawasi errefuxiatuentzako kanpamentuan, Gazako Zerrendaren hegoaldean, eta dagoeneko zazpi dira hipotermiaz hildako jaioberriak. 15 hilabete gerra betean daramatzaten ehunka mila palestinar bizi dira eremu horretan oso egoera prekarioan.

Hildako azken jaioberria Yousef Anwar Klubb da. 35 egun besterik ez zituela hil da bart, hipotermiak jota. Azken asteetan hotzak hil duen zortzigarren haurra da; izan ere, dagoeneko beste sei jaioberri eta gazte bat hil dira muturreko hotzaren ondorioz.

Gazako Osasun Ministerioak baieztatu duenez, haurtxoa "baldintza klimatiko gogorren eta muturreko hotzaren ondorioz" hil da. Heriotza horiek guztiak Zerrendaren hegoaldeko Mawasi eremuan gertatu dira, bertan bizi baitira bonbei ihesi joandako gazatar asko eta asko. Egoera prekarioan bizi dira, neguko hotzari aurre egiteko beharrezko erroparik ez dutelako. Eguraldi txarrak eraginda, gainera, kanpin-denda asko apurtuta dituzte.

"Klima hotzak eta aterpe faltak jaioberrien heriotza eragiten ari dira Gazan, eta 7.700 jaioberrik ez dute bizitza aurrera egiten lagunduko dien beharrezko arretarik", salatu du UNRWAk.

Israelgo armadaren bonbak ez ezik, hotza da Gazako herritarren mehatxu nagusia negu betean, bereziki haurrena. Gerra hasi zenetik 15 hilabete betzear direnean, Israelen erasoen ondorioz Zerrendan hildakoak 45.800 dira jada, eta desagertuak 11.000, azken datuen arabera. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak