Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Israelgo Armadak ia 200 pertsona hil ditu Gazan azken orduetan

Osasun Ministerioak jakinarazi du Gaza iparraldean martxan zegoen ospitale bakarra, Indonesiako Ospitalea, itxi egin duela Israelen erasoen ondorioz.

Gazako errefuxiatuen kanpaleku batean zauritutako haurra. Argazkia: EFE
Gazako errefuxiatuen kanpaleku batean zauritutako haurra. Argazkia: EFE
Gazako errefuxiatuen kanpaleku batean zauritutako haurra. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak jakinarazi du 100 helbururen aurkako erasoak egin dituela azken orduetan Gazako Zerrendan, eta 186 pertsona baino gehiago hil dira eraso horietan, bertako agintarien arabera.

"Israelgo Armadak eta inteligentzia zerbitzuek Gazako Zerrendako 100 helburu baino gehiagoren aurkako erasoak egin dituzte asteburuan, eta Hamaseko dozenaka terrorista hil dira erasoetan", esan du Armadak agiri batean.

Zerrendako agintarien bertsioaren arabera, Israelek lurreko 94 eraso egin ditu, bonbardaketekin batera, eta 186 pertsona hil eta dozenaka zauritu ditu, bereziki Gaza hirian.

"Ohiko erasoaldi arriskutsu, ikaragarri eta bortitzaren bitartez, okupazio armadak 94 lurreko eraso, bonbardaketa eta krimen egin ditu azken 72 orduetan, armarik ez zeramaten ehunka herritarren eta eremu erresidentzialen aurka", zabaldu dute Gazako agintariek.

Gainera, Osasun Ministerioak jakinarazi du Gaza iparraldean martxan zegoen ospitale bakarra, Indonesiako Ospitalea, itxi egin duela Israelen erasoen ondorioz.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina