Mundua -
Krisi politikoa
Hego Koreako Justiziak atzera bota du Yoon Suk-yeol atxilotzeko agindua bertan behera uzteko eskaera
Hego Korean biziarteko kartzela-zigorra edo heriotza-zigorra (duela 40 urtetik ez da aplikatzen luzamendu baten ondorioz) ezartzen zaie matxinaden buruzagiei.
agentziak | eitb media
Seulgo auzitegi batek atzera bota du Yoon Suk-yeol presidentea atxilotzeko agindua bertan behera uzteko haren abokatuek egin duten eskaera. Abenduan lege martziala ezartzen saiatzeagatik dago presidentea auzibidean.
Presidentearen abokatuek atxilotzeko agindua bertan behera uzteko eskatu zuten agindu hori soilik Fiskaltzak eman dezakeelakoan, ez Ustelkeriaren aurkako Bulegoak.
Hego Koreako presidenteak zigorgabeak dira orokorrean, eta matxinada delituagatik soilik zigor daitezke.
Asteartean eman zuen Ustelkeriaren aurkako Bulegoak presidentea behin-behinean atxilotzeko agindua, deklarazioa hartzeko hiru hitzorduri muzin egin ostean, baina, ostiralean, presidentearen segurtasun-taldeak galarazi egin zuen hura atxilotzeko ahalegina.
Hego Korean biziarteko kartzela-zigorra edo heriotza-zigorra (duela 40 urtetik ez da aplikatzen luzamendu baten ondorioz) ezartzen zaie matxinaden buruzagiei.
Agintaria atxilotzeko agindua astelehenean iraungiko da, eta epe horren barruan atxilotuz gero, ikerlariek 48 ordu izango dituzte Yoon galdekatzeko eta atxiloaldia luzatzea eskatzeko.
Yooni herrialdetik ateratzea debekatu zioten abenduaren 14an Parlamentuak kargugabetu ostean, eta Auzitegi Konstituzionalak horren inguruko erabakia eman behar du oraindik.