Mundua -

Venezuela

Gonzalez Urrutiak bira hasi du Venezuelako presidentetza eskuratzeko babesak lortzeko

Larunbatean, Javier Mileirekin bildu da Buenos Airesen (Argentina) eta Luis Lacalle Pourekin Montevideon (Uruguai). "Datozen orduetan" Ameriketako Estatu Batuetara joango da, Joe Bidenekin biltzera, baita Panamara eta Dominikar Errepublikara ere.

Gonzalez-Urrutia, larunbat honetan Uruguain. EFE.
Gonzalez-Urrutia, larunbat honetan Uruguain. EFE.
Hilaren 10ean Venezuelan boterea hartu asmo du Gonzalezek, eta sostengu bila ari da, Argentinan hasita

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edmundo Gonzalez Urrutia Venezuelako oposizioko buruak nazioarteko bira hasi du larunbatean Argentinan, eta, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetan izango da, datorren ostiralean Venezuelako Presidentetza eskuratzeko babesak biltzeko asmoz. Nicolas Maduro egungo agintariarekin lehia bizia du. 

Gonzalez Urrutiak (75 urte) asilo politikoa du Espainian irailetik. Larunbatean, Javier Milei presidentearekin bildu da Etxe Arrosan, Argentinako Gobernuaren egoitzan. Mileik uztailaren 28ko hauteskundeetako garailetzat aitortu du, eta Venezuelan trantsizio demokratikoa lortzeko babesa eman dio.

Venezuelara itzultzeko eta Presidentetza hartzeko zailtasun handiak izango dituela jakinda, Gonzalez Urrutiak beste gobernu batzuen babesa sendotzeari ekin dio.

Uztailaren 28ko hauteskundeen ostean, agintari chavistek eta oposizioko kideek garaipena aldarrikatu dute.

Gomez Urrutia "datozen orduetan" Ameriketako Estatu Batuetara joango da, Joe Bidenekin biltzera, baita Panamara eta Dominikar Errepublikara ere.

"Gaur, inoiz baino gehiago, geografikoki eta emozionalki gertuago sentitzen naiz venezuelarrek uztaileko hauteskundeetan emandako agindua betetzetik", esan du politikariak, Gerardo Werthein Argentinako kantzilerrarekin eta Patricia Bullrich Segurtasun ministroarekin batera emandako presntaurrekoan.

2013tik boterean dagoen Nicolas Madurok urtarrilaren 10ean beste agintaldi bat hasteko asmoa du. Maduroren gobernuak ordainsaria eskaini du Gonzalez Urrutiaren truke; izan ere, atxilotzeko agindua eman du eta hainbat delitu leporatu dizkio.

"Nik ez dut esan dudana baino gehiago esango: nire asmoa Venezuelara joatea da, 7 milioi botorekin aukeratu nindutenean venezuelarrek eman zidaten agindua hartzera", adierazi du Gonzalez Urrutiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Argentina Nicolás Maduro Uruguai