Mundua -

Gaza, erasopean

Israelek 59 lagun hil eta 273 zauritu ditu Gazako Zerrendan azken 24 orduetan

Tenperaturek nabarmen egin dute behera egunotan Gazan, eta gutxienez zazpi haur zendu dira, hotzak. Guztira, 45.717 pertsona hil eta 108.856 zauritu ditu Israelek Gazako Zerrendan duela urtebete sarraskia hasi zuenetik. Gaza Iparraldean martxan zegoen azken ospitalea zerbitzuz kanpo geratu da.

Al Aqsa ospitalera zaurituak iristen, Deir Al Balahn, gaur. EFE.
Al Aqsa ospitalera zaurituak iristen, Deir Al Balahn, gaur. EFE.
Al Aqsa ospitalera zaurituak iristen, Deir Al Balahn, gaur. EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

45.717 pertsona hil eta 108.856 zauritu ditu Israelek Gazako Zerrendan sarraskia hasi zuenetik, Hamasek kontrolpean duen Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.

Palestinako agintariek, baina, berriro gogorarazi dute are handiagoa dela hildakoen kopurua, besteak beste, milaka lagun daudelako hondakinen artean desagertuta eta erreskatatu ezinik.

Azken 24 orduetan, gainera, egoera gordindu egin da, Israelek eragindako leherketen ondorioz, 59 pertsona hil eta 273 zauritu baitira, Osasun Ministerioak egunero egin ohi duen zenbaketaren arabera.

Ostegunean, erasoak gogortu eta areagotu zituen Israelgo Armadak, Gazako Zerrendako kantoi guztietara iritsita baina batez ere iparraldeari eraso eginda.

Gaurko honetan ere, iparraldea astindu dute bortizkien Benjamin Netanyahuren tropek. Han, 30 lagun hil dituzte gauerdian, Palestinako hainbat komunikabidek, osasun iturriak aipatuta, zabaldu dutenez.

Hotzak zazpi ume hil ditu

Tenperaturek nabarmen egin dute behera egunotan Gazako Zerrendan, eta horrek arrisku handiagoa ekarri du gazatarrentzat. Gutxienez, zazpi haur zendu dira, gehienak umetxoak. Horren aurrean, Nazio Batuen Erakundeak kanpin-dendatan bizi diren ehunka mila lagunen zaurgarritasunaz ohartarazi du.

Abenduaren erdialdean, laguntza humanitarioa kudeatzen duen talde batek jakinarazi zuen 945.000 pertsonak premiazko laguntza behar zutela negu gorriari aurre egiteko. Horregatik, arropa termikoa, mantak eta babeslekuak zigilatzeko materiala eskatu zituen, gazatar horien bizilekuak euritik eta hotzetik babeste aldera.

Gaza iparraldeko azken ospitaleak funtzionatzeari utzi dio

Gazako Zerrendako Gobernuko Osasun Ministerioak larunbat honetan iragarri duenez, Indonesiako Ospitaleak zerbitzua emateari utzi dio, Gaza iparraldean zeuden hiru ospitaleetatik aktibo zegoen azkena.

"Gaza iparraldeko Indonesiako Ospitalea zerbitzutik kanpo geratu da eta dagoeneko ez die inolako zerbitzurik ematen gaixoei edo zaurituei", jakinarazi du Ministerioak sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez.

Inguru horretan hiru ospitale publiko zeuden: Kamal Adwan Ospitalea, Beit Hanoun Ospitalea eta Indonesiako Ospitalea. Israelgo indar militarren aginduz zerbitzutik kanpo daude jada.

Ministerioak gogorarazi duenez, "osasunerako eskubidea lege eta konbentzio guztiek bermatzen duten eskubidea da", eta, horregatik, nazioarteari dei egin dio Israeli presioa egin diezaion milaka bizilaguni (adingabeak, haurdun dauden emakumeak, gaixoak eta zaurituak barne) arreta ematen zieten zerbitzu horiek berriro jar ditzaten abian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila