Mundua -
ISTRIPUA
Espainiako turista bat hil da Tailandian, bainatzen ari zen elefantearen erasoaren ondorioz
Elefantea bainatzen ari zen eta bere aurrean igaro zenean letagina sartu zion. Zaurien ondorioz hil da. Hildakoa Zuzenbide eta Nazioarteko Harreman ikasketak egiten ari zen Nafarroako Unibertsitatean.
Agentziak | EITB MEDIA
Espainiako turista bat hil da Tailandia hegomendebaldean dagoen Yao Yai irlan. Pakidermoen zentro batean gertatu da, elefante bat bainatzen ari zela, poliziak eta zentroko iturriek jakinarazi dutenez.
Yao Yaiko poliziak jakinarazi duenez, Espainiako pertsona bat hil da elefante batekin izandako istripu baten ondorioz. Ez da emakumearen adina zehaztu.
Koh Yao Elephant Care zentroko langile batek konfirmatu du albistea. Adierazi duenez, elefantea bainatzen ari zen turista, animaliaren aurrean pasa eta honek letagina satu zionean. Larri zauritu zen turista eta beranduago hil zen.
Nafarroako Unibertsitateko iturriek jakitera eman dutenez, hildakoa Zuzenbide eta Nazioarteko Harreman ikasketak egiten ari zen Iruñeko campusean.
Hildako gazteak Valladoliden ere ikasi zuen, zehazki, Pinoalbar ikastetxean, eta bi anaiek Peñalban. Gurasoak militarrak ditu, eta ondoren Madrilera joan ziren bizitzera.
Jesus Julio Carnero Valladolideko alkateak doluminak eman dizkie senideei. X sare sozialean, "Blanca Ojangurenen familiarentzako doluminik sentituena" adierazi du alkateak, "Pinoalbar ikastetxeko bere beste familiari" ere helaraziz.
Elefanteak garbitzea edo beraiekin bainu bat hartzea jarduera ohikoak dira Tailandiako animalien zentroetan. Pakidermoek turistentzat bideratutako ikuskizunetan parte hartu ohi dute.
Elefanteekin gertatzen diren ezuste gehienak basa-animaliekin izan ohi dira, batzuetan hiriguneetara joaten baitira.
Azken 12 urteetan, 240 hildako izan dira elefante basatien erasoengatik. 2024an 39 izan dira hildakoak, Parke Nazionalen Saileko datuen arabera.
Tailandiako Parke Nazionalen sailak jakinarazi duenez, 4.000 elefante basati bizi dira Tailandiako santutegietan, parke nazionaletan eta erreserba naturaletan. Gero eta buru gehiago dira, baina duela 100 urte 300.000 elefante zeudela jakinda, datu oso txikia da.
Uste dutenez, beste horrenbeste etxeko elefante bizi dira herrialdean, gehienak turistei zuzendutako ikuskizunetan erabiltzen dituzte.
Garai batean, milaka elefante egurraren industrian erabiltzen zituzten, baina 1989an mozketa galarazi zenean, elefanteak kalean erakusten hasi ziren dirua eskatzeko eta bestelako ikuskizunetarako.