Mundua -
HEGO KOREA
Hego Koreako presidentearen atxiloketa bertan behera, poliziaren eta militarren artean liskarra izan ostean
Gerra-legea ezarri zuela eta, matxinada eta nagusikeria egozten diote. Yoon Suk-Yeolen mila bat jarraitzaile presidentearen etxearen kanpoaldean bildu dira, "legez kanpoko agindua" oihukatzen.
Agentziak | EITB MEDIA
Yoon Suk-Yeol Hego Korean kargugabetutako presidentearen etxean sartu da polizia, atxilotzeko aginduarekin. Gerra-legea ezarri zuela eta, matxinada eta nagusikeria egozten diote. Militar talde batek, baina, operazioa oztopatu du, eta Yoonen jarraitzaileak egoitzaren kanpoaldean bilduta daude.
Ustelkeriaren Kontrako Agentziak jakinarazi du ez dutela lortu Yoonen kontrako atxilotze-agindua betetzea, eta operazioa bertan behera utzi du. Seulgo egoitzara sartzeko eginahala egin du poliziak, gerra-legea ezarri zuela eta ikerketa egiten ari delako.
Egoitza miatzeko zein Yoon atxilotzeko agindua dute asteartetik, presidente kargugabetuak hirutan ukatu du deklaratzeko deia, baina bere segurtasunaz arduratzen diren militarrek oztopatu egin dute operazioa. 200 laguneko giza-harresia egin dute eta poliziak ezin izan du atxiloketarik egin. Presidentearen abokatuek epaitegira joko dutela iragarri dute.
Yoonen mila bat jarraitzaile kanpoaldean bildu dira, "legez kanpoko agindua" oihukatzen, 2.700 poliziaren zaintzapean. Astelehenera arte iraungo du indarrean atxilotze aginduak, 48 ordu dituzte beraz Yoon atzeman eta galdezkatzeko.
Goi Kargudun Funtzionarioen Ustelkeriaren Aurkako ikerketarako Bulegoko bozeramaile batek (CIO, ingelesezko siglen arabera) adierazi du operazioa bertan behera utzi dutela, erakunde horretako 30 bat agentek eta 50 poliziak hiru edo lau orduz presidentearen segurtasun zerbitzuekin liskarra izan ostean. Azkenek ez dute onartu inor etxebizitzan sartzea.
"Uste dugu atxilotze agindua ezingo dela egin konfrontazioa dela eta eta exekuzioa bertan behera utzi dugu pertsonalaren segurtasuna dela medio", Yonhap albiste-agentziak zabaldu duen agiri baten arabera.
CIOk astelehenera arte du atxiloketa agindua burutzeko, baina adierazi dute egoera aztertu ostean ikusiko dutela zer egin eta "Yoonen jokabideagatik atsekabetuta" daudela, legez ezarritako prozedurak ez dituelako onartu.