Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Las Vegasen zartarazitako Tesla Cybertruck ibilgailuaren gidaria soldadu estatubatuar bat zen
Cybertruckeko gidaria hil egin da leherketan, eta Trump International Hoteletik gertu zeuden beste zazpi lagun zauritu ditu. Poliziaren arabera, gidariak barrutik zartarazi zuen ibilgailua.
Agentziak | EITB Media
Tesla Cybertruck batek eztanda egin zuen asteazkenean Las Vegasen (AEB). Trump kateko hotel baten aurrean zartarazi zuten, eta ibilgailuko gidaria AEBko soldadu bat zen, iturri ofizialen arabera. Coloradoko komunikabideek (gizonak ibilgailua bertan alokatu zuen) susmagarria identifikatu dute: 37 urteko Matthew Livelsberger, "AEBko Armadako beteranoa".
Shamsud-Din Bahar Jabbar estatubatuarrak egun berean New Orleansen egindako harrapaketa masiboarekin lotuta dagoen ikertzen ari dira. Jabbar ere AEBko Armadan ibilitakoa zen, bost urtez.
FBI bi kasuak ikertzen ari da balizko terrorismo eraso gisa, eta bi ekintzek lotura duten aztertzen ari da.
Cybertruckeko gidaria hil egin zen, eta leherketak Trump International Hoteletik gertu zeuden beste zazpi lagun zauritu zituen.
Poliziaren arabera, gidariak ibilgailuaren atzeko aldean zeuden su artifizialak, gasolina-tankeak eta erregaia leherrarazi zituen barrutik.
Ibilgailua kanpatzeko gas eta erregai zilindroz eta kalibre handiko piroteknia-morteroz beteta zegoen, Las Vegaseko Poliziak jakinarazi duenez.
Cybertruck ibilgailua Coloradon alokatu zuten Turo plataformaren bidez (Airbnb antzeko alokairu-sistema), baita New Orleanseko harrapaketan erabilitako furgoneta ere, enpresak ohar baten bidez baieztatu duenez.
Turok oharrean azpimarratu duenez, ez du uste errentariek aurrekaririk zutenik, "segurtasunerako mehatxu gisa identifikatu zituztelako".
CNN kateak ere adierazi du, iturri ofizialak aipatuta, Las Vegasen hildako eta leherketarekin lotutako gizona zerbitzu aktiboan zegoen soldadu bat zela.