Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
New Orleanseko ustezko erasotzaileak bakarrik jardun zuela uste du orain FBIk
Inteligentzia zerbitzuaren arabera, Shamsud-Din Bahar Jabbar da susmagarria, 42 urteko estatubatuarra. 10 urtez militar izan zen. FBIk horren argazkia zabaldu du, eta herritarrei laguntza eskatu die, erasoaren ingurukoen datu gehiago jasotze aldera.
Agentziak | EITB Media
New Orleanseko erasoaren ustezko egilea 10 urtez AEBko militar izan zen —teknologia berrietan aditua zen, eta Afganistanen ere aritu zen—, FBIk zabaldu duenez. AEBko inteligentziak uste du harrapaketa atentatu terrorista izan zela, eta egileak bakarrik jardun zuela. 15 pertsona hil eta 35 zauritu ziren erasoan.
FBIk ustezko erasotzailearen argazkia kaleratu du eta susmagarria Shamsud-Din Bahar Jabbar dela zabaldu. Baharrek 42 urte zituen eta estatubatuarra zen sortzez —Beaumont hirian (Texas) jaioa—.
Gizonak Ford-150 kamioneta zuri bat alokatu zuen eta ahalik eta jende gehien harrapatzen saiatu zen asteazken goizaldean, erdiguneko Bourbon Street kalean, Urtezaharreko ospakizun betean. Harrapaketa gauzatu ostean, tiro egin zuen jendetzaren aurka. Poliziak handik gutxira hil zuen.
Agintariek bi nortasun agiri, Estatu Islamikoaren bandera bat, armak eta lehergailua izan zitekeen zerbait topatu zuten ibilgailuaren barruan.
"Herritarren laguntza behar dugu", adierazi du Althea Duncan FBIko agenteak prentsaurreko batean. Izan ere, AEBko inteligentziak uste du Baharrek ezin izan zuela erasoa bakarrik prestatu eta gauzatu, eta horren harira, susmagarriaren inguruko daturik eman ditzaketenei laguntza eskatu die. "Informazioa, bideoak edo argazkiak izan ditzakeen orori FBIri igortzeko eskatu nahi diogu", erantsi du Duncanek.
Trump: "Munduaren aurrean barregarri geratu gara"
Ingurumari honetan, New Orleans eta Las Vegaseko erasoen harira mintzatu da Donald Trump AEBko presidente hautetsia. Atzo bertan Urtezaharreko harrapaketa atzerritarrei egotzi zien. Gaurkoan harago jo eta bi atentatuek "AEB barregarri" utzi dutela nabarmendu du.
Horren ustez, AEBko Justizia Departamentuak eta FBIk "ez dute euren lana egin". "Gure herrialdea desastre hutsa da", salatu du. "AEBko agintariak nire kontra aritu dira, herritarrak indarkeriatik babestu beharrean", kritikatu du.
AEBren "muga irekien" politika salatu du beste behin milioidunak, baina agindu du urtarrilaren 20tik aurrera (orduan jabetuko da presidente karguaz) dena aldatuko dela. "Buruzagi indartsu eta boteretsu batek bakarrik alda dezake hau guztia", aldarrikatu du.