Mundua -
Tiroketa
Gizonezko batek 12 pertsona hil ditu, bi ume barne, Montenegron izandako tiroketa batean
Erasotzailea ospitalean hil da, atxilotu ostean. Ustez, bere buruaz beste egiten saiatzeagatik buruan zauriak zituen.
Agentziak | EITB MEDIA
Gizonezko batek 12 pertsona hil zituen atzo Montenegron, eta lau larri utzi zituen. Tiratzaileak buruan zauriak zituen, ustezko suizidio saiakera batean egindakoak, eta handik gutxira hil da ospitale batean, Barne Ministerioak jakinarazi duenez.
Erasotzaileak, Aco Martinovic izenekoak, tiro egin zuen Bajice hiriko taberna batean izandako liskar baten ondoren, eta hilketa gehiago egin zituen beste hiru lekutan. Biktimen artean, bere familiako kideak, tabernaren jabea eta haren seme-alabak daude.
Krimenaren ondoren, Poliziak operazio handi bat abiarazi zuen, ihes egin zuen eta pistola batekin armatuta zegoen susmagarria harrapatzeko. Ordu batzuk geroago, agenteek tiratzailea aurkitu zuten buruan zauriak zituela, bere buruaz beste egiten saiatu ei zelako. Handik gutxira hil zen, ospitalean.
Milojko Spajic lehen ministroak iragarri duenez, Gobernuak hiru eguneko dolu nazionala ezarri du, eta adierazi du zibilek armak edukitzea erabat debekatzea proposatuko duela, etorkizunean antzeko tragediak saihesteko.