Mundua -
AEB
Pertsona bat hil da eta 7 zauritu dira Las Vegasen, Trumpen hotel baten parean, Tesla kamioneta bat lehertuta
Ibilgailuaren atzealdea erregaiz eta su artifizialez beteta zegoen, eta hildakoa kamionetaren gidaria da. Gertakaria eraso terrorista gisa ikertzen ari dira, baita New Orleanseko harrapaketarekin zerikusia ote duen ere.
Agentziak | EITB Media
Pertsona bat hil da eta zazpi zauritu dira Las Vegasen (Nevada, AEB), Trump International Hotelaren parean, Tesla Cybertruck kamioneta bat zartarazita. Gertakaria atentatu terrorista gisa ikertzen ari dira eta ez dute baztertu New Orleansen ordu batzuk lehenago izandako erasoarekin harremana izatea.
Las Vegaseko Poliziaren arabera, leherketa hotelaren aparkalekuan izan da asteazkeneko 08:40an (17:40, Euskal Herrian). Hildakoa ibilgailu barruan topatu dute, Kevin McMahill sheriffak jakinarazi duenez.
Kamioneta alokatuta zegoen (Colorado estatuan hartu zuten ordubete lehenago) eta atzealdean erregaia, tamaina handiko su artifizialak eta lehergailu bat zituen. Sare sozialetan zabaldutako hainbat bideotan ikus daitekeenez, ibilgailuaren atzealdeak egin zuen eztanda.
"Trumpen hotelaren aurrean Cybertruck kamioneta baten leherketa ikertzen ari gara. Segurtasun indarrek eta Inteligentzia zerbitzuek uste dute eraso terrorista izan daitekeela, baita New Orleanseko harrapaketarekin zerikusia duela ere", adierazi du Joe Biden AEBko presidenteak nazioari zuzendutako hitzaldi batean.
Elon Musk Tesla konpainiaren jabeak esan du ibilgailuak "leherketaren indarra apaldu" eta "gorantza" bideratu zuela; "hotelaren kristalezko ateak ez ziren apurtu ere egin", erantsi du. Horren ustez, "eraso terroristarako okerreko ibilgailua aukeratu dute ergel gaizto horiek"
Kevin McMahill Las Vegaseko sheriffak prentsaurrekoan esandakoaren arabera, Tesla markako ibilgailuak "eragindako kalteak murriztu" zituen.