Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek gutxienez 15 pertsona hil eta 20 inguru zauritu ditu Gazaren aurkako urteko lehen bonbardaketan
"Munduak ospakizunekin egin dio ongietorria urte berriari, eta guk lehen sarraskiarekin ongietorria eman diogu 2025ari", deitoratu du Mahmud Basal Gazako Defentsa Zibilaren bozeramaileak.
Agentziak | EITB Media
Gutxienez 15 pertsona hil eta 20 inguru zauritu ditu Israelek 2025ean Gazaren aurka egindako lehen erasoan, Mahmud Basal Zerrendako Defentsa Zibilaren bozeramaileak Telegramen baieztatu duenez.
Bonbardaketa asteazken goizaldean izan da, eta Badra, Abu Warda eta Tarush familien aurka zuzendu dute, Yabalia herrian, Zerrendako iparraldean.
"Munduak ospakizunekin egin dio ongietorria urte berriari, eta guk lehen sarraskiarekin ongietorria eman diogu 2025ari", deitoratu du bozeramaileak.
Gainera, Wafa Palestinako albiste agentzia ofizialaren arabera, beste bi pertsona hil dituzte Bureijeko errefuxiatu-gunearen aurka egindako eraso batean.
Bien bitartean, Gaza hegoaldean, Israelgo Armadak hiru pertsona hil ditu Khan Yunis herriko Manara auzoaren kontrako eraso batean, hedabide berak tokiko informazioa aipatuta zabaldu duenez (Israelek ez du nazioarteko prentsari lurraldera sartzen uzten).
Israelek 45.500 pertsona baino gehiago hil ditu Gazan duela ia 15 hilabete abiatutako erasoaldian, osasun agintarien azken datuen arabera, 24 ordu baino gehiago baitaramatzate eguneratu gabe.
Uholdeak
Bestalde, Gazako Defentsa Zibilak ohartarazi du 1.500 kanpadenda baino gehiago urak hartu dituela Zerrenda osoan, azken egunetako euriteen ostean.
Defentsa Zibilaren arabera, 497 kanpadenda urez bete dira Gazako iparraldean; 170, Rafahn (hegoaldeko muturrean), 665, Khan Yunisen (hegoaldean) eta 210, Deir al-Balahen (erdialdean).
Ondorioak bereziki larriak izan dira Mawasiko "eremu humanitarioan", Gazako hegoaldeko eta erdialdeko kostaldeak zeharkatzen baititu Khan Yunis eta Deir al-Balah hirien ondoan, eta bertan babesten baitira Zerrendako ia bi milioi palestinarretatik gehienak, ia argindarrik eta txorrotako urik gabe.
Asteartean, Israelgo Armadak Nahal brigadaren lekualdaketa iragarri zuen, Rafahko aktiboenetako bat, Zerrendako iparraldean. Brigada horrek urriaren hasieran hasitako setio gogorrak 3.000 pertsona inguru hil ditu, tokiko agintarien arabera, eta milaka palestinar ihes egitera behartu.