Mundua -

Ameriketako Estatu batuak

15 pertsona hil eta 35 zauritu dira New Orleansen, harrapaketa batean

Harrapaketa goizaldean (03:15 zirenean) jazo da Urte Berri eguneko ospakizun betean. FBI eta hiriko Polizia gertaera eraso terrorista gisa ari da ikertzen. Biden presidenteak adierazi du "haserrea eta frustrazioa" sentitu dituela eta Trumpek migrazioari egotzi dio erasoa.

Hainbat polizia harrapaketa izan den tokian. Reuters
Hainbat polizia harrapaketa izan den tokian.
Kamioi gidari batek 10 pertsona hil dira eta 35 zauritu ditu New Orleansen

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 15 pertsona hil dira eta 35 zauritu New Orleansen (Louisiana, AEB) izandako harrapaketa batean, bertako agintariek jakinarazi dutenez.

Harrapaketa Canal eta Bourbon kaleek bat egiten duten gunean, hiriko auzo frantsesean, jazo da 03:15 zirenean. Kalea jendez gainezka zegoen, eta lekukoen arabera, kamioi bat abiada bizian bertan zegoen jendearengana zuzendu da.

Hiriko agintariek azaldu dutenez, harrapaketa egin ostean gidaria —hedabide batzuk argitaratutakoaren arabera, Beaumonten (Texas) duela 42 urte jaiotako Shamsud Din Jabbar— kamioitik jaitsi eta tiroka hasi da. Ondoren, Poliziak tiroz hil du. FBIk ziurtatu duenez, "ibilgailuan Estatu Islamikoaren bandera bat topatu dute".

Anne Kirkpatrick New Orleanseko poliziaburuak adierazi du, erasotzaileak "intentzioz betetako jarrera" erakutsi duela eta "ahalik eta jende gehien harrapatzen" saiatu dela.

Hiriko Polizia eta FBI ari dira gertatutakoa ikertzen. Kamioia miatzen aritu dira, gertaeraren motibazioa jakiteko helburuarekin. Momentuz, "eraso terrorista gisa ikertzen" ari dira kasua. LaToya Cantrell hiriko alkateak ere "eraso terroritatzat" hartu du gertatutakoa.

Jeff Landry Louisiana estatuko gobernadoreak X sarean duen profilean gertatutakoa salatu du. "Indarkeria ekintza beldurgarri bat izan da Bourbon Streeten. Bat egin Sharonen eta bion otoitzekin, biktimen eta osasun langileen alde. Gertu daudenei eremua saihesteko eskatzen diet", adierazi du.

Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek "haserrea eta frustrazioa" sentitu dituela erasoaren berri eman diotenean adierazi die kazetariei Delawaren. Erasoa izan denetik unean uneko informazioa jaso duela, baina ez du FBI eta hiriko agintariak egiten ari diren ikerketari buruzko xehetasun gehiago eman nahi izan. 

Horrez gainera, hedabideetara bidalitako ohar batean jakinarazi du "bihotza biktimekin" daukala eta "biolentziak ez daukala inolako justifikaziorik".

Bestalde, Donald Trump presidente hautetsiak gertatutakoa atzerritarrei egotzi die, zeharka eta frogarik aurkeztu gabe. Truth Social sare sozialean dolumen mezua zabaldu du gertatutakoagatik, baina aurretik migratzaileak aipatu ditu: "Kanpotik datozen kriminalak gure herrialdean ditugunak baino askoz okerragoak direla esaten dudanean, adierazpen hori etengabe ezeztatzen dute demokratek eta fake news hedabideek, baina egia da. Gure herrialdeko krimenen indizea inoiz ikusi ez den mailan dago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Harrapatzeak