Mundua -
Gatazka Ekialde Hurbilean
NBEk Israeli gerra krimenak egotzi dizkio Gazako erietxeen aurka egindako erasoengatik
Volker Turk Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak osasun-instalazioen eta langileen bortxaezintasuna "une oro" errespetatzeko eskatu die alde guztiei.
Agentziak | EITB Media
Nazio Batuen Erakundeak "zalantza handiak" ditu Israelgo Defentsa Indarrek Gazako Zerrendako osasun egoitzen aurka egindako "erasoen patroiaren" inguruan. Azken urteko ekintzak "gerra krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen baliokideak" izan daitezkeela ohartarazi du.
2023ko urriaren 12tik 2024ko ekainaren 30era bitarteko epea aztertzen duen txosten batek jasotzen du baieztapen hau. Denbora horretan, Israelgo Armadak "gutxienez 136 eraso" egin zituen 27 ospitalen eta beste hamabi mediku egoitzaren aurka, nahiz eta Nazioarteko Zuzenbideak mota horretako zentroak eta langileak babesten dituen.
FDIk eta Benjamin Netanyahuren Gobernuak horrelako ekintzak justifikatu izan dituzte interes militarraren mesedetan, baina NBEk adierazi du kasu horietan ere "bereizketa, proportzionaltasun eta arreta printzipioak" aplikatu behar direla une oro.
Txostenaren arabera, instalazio horiek nahita suntsitzeak zigor kolektiboa da Gazako herritar guztientzat. Era berean, NBEko adituek gaineratu dute Israelgo agintariek erasoak justifikatzeko emandako informazioak "lausoak eta zehaztugabeak" direla.
NBEk Palestinako talde armatuei ere egin die ohartarazpena. Ospitale eta osasun-zentroak ezkutatzeko erabiltzen badituzte, haiek ere gerra-krimenak egiten dituztela jakinarazi die.
Volker Turk Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak osasun-instalazio eta langileen bortxaezintasuna "une oro" errespetatzeko eskatu die alde guztiei. "Etengabeko bonbardaketak eta egoera humanitario kritikoa nahikoa ez balira bezala, palestinarrak bere garaian seguru sentitzen ziren santutegia orain tranpa hilgarria da", deitoratu du.
Goi-komisarioaren ustez, "funtsezkoa" da erregistratutako gertakari guztien ikerketa "independenteak, osoak eta gardenak" egitea. Era berean, "modu arbitrarioan" atxilotutako mediku guztiak "berehala" askatzeko eskatu du. "Lehentasuna izan behar du Israelentzat, potentzia okupatzaile gisa, Palestinako herritarrei osasun arreta egokia bermatzea", adierazi du Turkek.