Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Jimmy Carter AEBko presidente ohia hil da, 100 urte zituela

Demokraten burua zainketa aringarrietan zegoen duela bi urtetik. Bakearen Nobel Saria irabazi zuen munduko gatazketan egindako ekarpenagatik. Euskal bake prozesuan parte hartu zuen bere fundazioaren bidez eta 2011n babesa eman zion Aieteko Bake Konferentziari.

Jimmy Carter AEBetako presidenteohia artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Jimmy Carter AEBetako presidenteohia artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Jimmy Carter AEBetako presidenteohia artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jimmy Carter Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia hil da igande honetan, 100 urte zituela.

Duela bi urte iragarri zuen zainketa aringarriak jasoko zituela etxean baina azken hauteskundeetan botoa emateko kemena izan zuen. Melanoma motako azaleko minbizi gogor bategatik tratamendua jaso zuen baina gibelera eta burmuinera hedatu zitzaizkion tumoreak. Presidente ohiak aita eta hiru anaiak heriotzara eraman zituen gaixotasun beraren aurka borrokatu behar izan zuen azken urteetan.

Semeak eman du bere heriotzaren berri, xehetasun gehiagorik zabaldu gabe, Washington Postek zabaldu duenaren arabera.

1976an hautatua izan ondoren, AEBko presidente izan zen Carter 1977tik 1981 eta 2002an Bakearen Nobel Saria jaso zuen, munduko hainbat herrialdetako gatazkak konpontzeko egindako ekarpenagatik.

Buruzagi demokrata Euskal Herriko bake prozesuan ere murgildu zen bere fundazioaren bidez, eta Aieteko Bake Konferentziari babes publikoa eman zion 2011n.

Bere ekarpena Estatu Batuetako zein munduko politikari

Ameriketako Estatu Batuek inoiz izan duten buruzagi aurrerakoienetakotzat jotzen zen Carter.

Bere agintaldia lau urtekoa izan zen, "bahitu estatubatuarren Irango krisia" delakoaren ondorioz. Gertaera horrek sakon zauritu zuen AEBko herritarren morala eta kontserbadoreek agintari ahula izatea leporatu zioten. Carterrek boterea Ronald Reagan errepublikanoari eman zion egun berean askatu zituen Iranek 444 egunez bahituta izan zituen 52 estatubatuarrak.

Denborak gauzak zegozkien lekuan jarri zituen, ordea, eta 2002an Bakearen Nobel saria lortu zuen.

"Etxe Zuriaren ondorengo bizitza izan da niretzat atseginena", aitortu zuen Carterrek berak 2015eko abuztuan eman zuen prentsaurreko batean. Izan ere, presidente izan ondoren ere ekiteko eta eragiteko modu berriak ireki zituen Carterrek eta bere kapital politikoa AEBko bizitza publikoan eragiten jarraitzeko eta munduan aldaketak eragiteko erabili zuen.

Rosalynn emazteak (69 urtez egon ziren ezkonduta) Carterrek 1982ko gau batean esnatu eta ondorengoa esan ziola kontatu izan du: "Camp David bezalako leku bat asmatu behar dugu", 1978an Israelen eta Egiptoren artean bakea negoziatu zuen presidentearen egoitza bezalako toki bat, alegia.

Hilabete batzuk geroago Carter Zentroa sortu zen, munduko gatazken, pobreziaren, gaixotasunen eta gosearen aurka borrokatzen duen erakundea.

"Rosalynnek eta biok hutsuneak bete nahi genituen, beste batzuek konpondu nahi ez zituzten edo ezin zituzten arazoak konpondu", azaldu zuen Carterrek Rolling Stone aldizkariak 2011n egin zion elkarrizketa batean.

Etxe Zurian egondako urteetan emaitza nabarmeank lortu zituen kanpo-politikan: egiptoarren eta israeldarren arteko bakea negoziatzeaz gain, Txinarekiko harremanei ekin zien 1979an, eta Panamako kanalaren gaineko Panamaren subiranotasuna aitortu zuen.

Jimmy Carter 1979an. Argazkia: EFE

Jimmy Carter 1979an. Argazkia: EFE

Biografia

1924an jaio zen Jimmy Carter, Plains izeneko 600 biztanleko herri txiki batean. Kakahuete eta kotoi etxalde batean hazi zen, Georgiako hegoaldeko estatuko eremu pobreenean. Aita, Earl, "segregazionista zen, inguru hartako beste gizon guztiak bezala", aitortu zuen presidente ohiak 2015ko uztailean egin zioten elkarrizketa batean.

Lillian ama erizain aurrerakoia zen, eta Carterrek esan izan zuen eragin handia izan zuela bere izaeran. Arrazakeriaren aurkakoa zen ama.

1946an Annapolisko Itsas Akademian (Maryland) graduatu zen, Rosalynnekin ezkondu eta Itsas Armadan sartu zen. 1953an, Plainsera itzuli zen, familiaren etxaldearen ardura hartzera.

Eliza Bataiatzaileko predikatzaile izan zen eta sermoiak ematen jarraitu zuen bizitzaren amaierara arte.

1962an piztu zitzaion politikarekiko interesa eta, mundu horretan murgilduta, Estatuko Senatuan eserleku bat lortu zuen.

Lehen saiakera batean huts egin ondoren, 1970ean Georgiako gobernadore hautatu zuten, kanpaina bizi baten ondoren. Kanpaina horretan, 600. 000 pertsonari eman zien bostekoa eta politikari apal zein hurbilaren kutsuak lagunduta, Etxe Zurira iritsi zen 1976an. Ez zen oso ezaguna AEB mailan, baina bere jatorri hegoamerikarrak, itxura zintzoak eta irribarre zabalak konfidantza eman zien Watergate eskandaluaren eta Vietnamgo gerraren ondoren aldaketa nahi zuten milioika herritarrei.

AEB mailan, Carterrek Hezkuntza eta Energia sailak sortu zituen, inflazioaren aurka borrokatu zen eta atzerriko petrolioarekiko mendekotasuna murriztu zuen, baina 1979ko petrolio krisiak gogor jo zuen.

Bere presidente gogokoena Harry Truman (1945-1953) izan zen. Hura bezala, ez zen oso estimatua Etxe Zuria utzi zuenean, baina gaur egun Estatu Batuetako agintari onenen zerrendan agertzen da Truman eta antzeko aldarrikapena egiten dute Carterrentzat bere miresleek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin