Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Israelek Kamal Adwan ospitalearen aurka egindako operazioak 20 hildako eta 240 atxilotu utzi ditu
Ospitalearen zati bat erre dute, eta jarduerarik gabe geratu da. Ondorioz, Gazako Zerrendaren iparraldean bizi diren 75.000 palestinar osasun arretarik gabe geratu dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo Indar Armatuek igande honetan jakitera eman dutenez, Gazako Zerrendaren iparraldean Kamal Adwan Ospitalearen kontra egindako operazioan "20 terrorista hil eta beste 240 atxilotu" dituzte. Israelek Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduaren kuartel nagusitzat jotzen zuen ospitalea, eta operazio horretan erabat hustu eta zati bat erre dute.
Kamal Adwan ospitalea Jabaliako errefuxiatu-eremuaren bihotzean dago.
Israelgo Armadak ohar batean azaldu duenez, Hamaseko eta Jihad Islamiarreko 240 kide baino gehiago atxilotu eta Israelera eraman dituzte "gerrarako inteligentzia informazio baliotsua ateratzeko".
"Gerra hasi zenetik puntu bakar batean egindako talde-atxiloketa handienetako bat da honakoa. Ospitalea hartzean, hainbat terrorista gaixo papera egiten saiatu ziren, baita anbulantzietan ezkutatzen ere, baina agenteek identifikatu eta atxilotu egin zituzten", esan du Armadak.
Atxilotuen artean, ospitaleko zuzendaria dago, Hosam Abu Safiya doktorea. "Hamaseko kide den susmoa dago", Israelen arabera.
Hamasek, berriz, ukatu egin du ospitale horretan kiderik edukitzea
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) salatu duenez, Kamal Adwan ospitaleari egindako erasoan ezin izan dute ezer ere egin, eta erasoak "erabat zapuztu du zentroaren gutxieneko funtzionamenduari eusteko ahalegina". Gertatutakoa "Gazako osasun-sistemaren desegite sistematikoaren parte" dela eta "dozenaka mila palestinarrentzat heriotza-epaia" dela esan du MOEk.
Gainera, zentroa erabat jarduerarik gabe geratu dela baieztatu du, eta, ondorioz, Gazako Zerrendaren iparraldean bere ospitalerik garrantzitsuena kenduta, inguru horretan bizi diren 75.000 palestinarrak osasun arretarik gabe geratu direla salatu du.
Israelek Gaza iparraldeko auzoak husteko agindua eman du
Bestalde, Israelgo Armadak Gaza iparraldeko hainbat eremutan bizi diren pertsonei Gaza hirirantz joateko agindua eman diete gaur, bertatik Israelera bost suziri jaurti eta gero. Armadaren esanetan, bi geldiarazi egin dituzte eta hiru ezer ez zegoen lekuetan erori dira.
Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Avichay Adraee arabieraz hitz egiten duen Israelgo Armadako bozeramaileak Jabalia hiriaren inguruan bizi direnei Gaza hirira joateko esan die, "segurtasunagatik", Israelgo indarrek eraso egin aurretik.
Gazako ipar-mendebaldean, gainera, gutxienez bederatzi pertsona hil eta hogeitik gora zauritu dira, Israelgo tankeek Nuseirateko errefuxiatu-eremuko etxebizitzak bonbardatu ostean.
Hilabete eta erdiko haurtxo bat hil da hotzak jota Gazan, senideek salatu dutenez
Bestalde, hilabete eta erdiko haurtxo bat hil da Gazako Zerrendan muturreko hotzaren ondorioz, senideek EFE albiste-agentziari baieztatu diotenez.
"Goizeko hiruretan esnatu nintzen, eta nire emazteari esan nion haurra ez zegoela ondo. Esnatzen saiatzen ari zela esaten zidan, baina ezin zuen. Ohera eraman nuenean, erabat izoztuta zegoela ikusi nuen, izotzez estalita balego bezala", kontatu du umetxoaren aitak, Yihya Muhammad al Batranek.
Al Batranek azaldu zuenez, elektrizitate falta zela eta, ezin izan zuen laguntza humanitario gisa jaso zuten berogailua kargatu.