Mundua -
Hauteskundeak
Milanovic Kroaziako presidenteak gehiengo absoluturik gabe irabazi ditu bozak eta bigarren itzulia egingo da
Botoen % 99 baino gehiago zenbatuta, Milanovicek bozen % 49 lortu ditu, eta Dragan Primorac hautagai kontserbadoreak, % 19. Bigarren txanda urtarrilaren 12an izango da.
agentziak | eitb media
Igande honetan Kroazian egin diren presidentetzarako hauteskundeetako botoen zenbaketa ofizialak Zoran Milanovic egungo estatuburuaren garaipen argia berretsi du, baina gehiengo absoluturik erdietsi gabe, eta, ondorioz, bigarren itzulia egingo dute bi hautagai bozkatuenek.
Botoen % 99 baino gehiago zenbatuta, Milanovicek bozen % 49 lortu ditu, eta Dragan Primorac hautagai kontserbadoreak, % 19, Kroaziako Hauteskunde Batzordeak jakitera eman duenez.
Zortzi hautagaietako batek ere ez duenez lortu presidente izateko behar den gehiengo osoa, boto gehien lortu dituzten biek, Milanovicek eta Primoracek, berriz aurkeztu beharko dute beren burua presidente izateko bigarren txandara, urtarrilaren 12an.
Milanovicek Primorac gainditu du Kroaziako 21 eskualdeetan, eta Primoracek atzerrian irabazi du.
Hirugarren tokia Marija Selak Raspudic kontserbadorearentzat izan da, botoen % 9 eskuratuta, eta laugarrena Ivana Kekin izan da, zentro-ezkerreko Mozemo (Podemos) alderdiko hautagaiarentzat, botoen % 8rekin.
3,8 milioi kroaziar zeuden deituta hautetsontzietara, hurrengo bost urteetan Estatuko buruzagitza hartuko duen pertsona aukeratzeko.
Nolakoa da Milanovic?
Milanovic (58 urte) kritikoa da mendebaldeak Ukrainaren alde izan duen esku-hartzearekin, baina Moskuko indarren inbasioa ere gaitzetsi du.
Andrej Plenkovic lehen ministro kontserbadorearen kontrapisu gisa ikusten dute herritar askok. Izan ere, horren alderdiak agintzen du 1991n Jugoslavia ohiarekiko independentzia lortu zutenetik.
2020an presidentetza hartu zuenetik, printzipio sozialdemokratetatik jarrera populista, euroeszeptiko, nazionalista eta, kritikoen arabera, errusiazalera ere bira egin omen du Milanovicek.
Nahiz eta Kroaziak Europar Batasunari eta NATOri fideltasuna agintzen dien, Plenkovicek adierazi du horrek ez duela esan nahi "beste batzuen txotxongilo" bihurtu behar direnik.
Kroaziako legediaren arabera, presidentea ordezkaritza-funtzioetarako da bereziki, eta, aldi berean, defentsaren arloko eskumenak ere baditu, indar armatuen burua baita, eta baditu kanpo-politikako ardurarik ere.