Mundua -
Istripua
179 pertsona hil dira hegazkin batek Hego Koreako aireportu batean izandako istripuan
Suhiltzaileek baieztatu dutenez, bi pertsona baino ez daude bizirik. Jeju Air konpainia korearraren 7C2216 hegaldia lehertu egin da Muango aireportuan, Seuldik 290 kilometrora, pistatik atera eta horma baten aurka talka egin ostean.
agentziak | eitb media
Hego Koreako agintariek jakinarazi dute 179 pertsona hil direla Muango aireportuan lur hartzen ari zen hegazkin bat pistatik irten eta hesia jo ostean. Suhiltzaileek baieztatu dutenez, bi pertsona bakarrik erreskatatu dituzte bizirik.
Ezbeharra Hego Korean 09:07 (Euskal Herrian 01:07) zirenean gertatu da. Thailandiako hiriburutik (Bangkok) abiatu den Jeju Air konpainiako 7C2216 hegaldiak Muanen lur hartu du lur-hartzeko sistema aktibatu ezinik zegoela. Ezin izan du abiadura murriztu, eta pista amaierako horma jo eta su hartu du.
Agintariek baieztatu dute 181 pertsona zihoazela Boeing 737-800 hegazkinean: eskifaiako 6 kide, 173 bidaiari korear eta 2 bidaiari thailandiar. Suhiltzaileek bi pertsona erreskatatu dituzte bizirik, biak tripulazioko kideak.
Hego Koreako Garraio Ministerioak jakinarazi duenez, tripulazioak istripua izan baino bost minutu lehenago eman du abisua hegazti-saldo batekin talka egin duela eta lur hartzeko sistema kaltetuta zuela ohartarazteko.
Aireportuko arduradunen arabera, hegazkina larrialdiko lurreratzea egiten saiatu da, lur hartzeko sistemak huts egin ostean, eta bigarren ahaleginean izan da istripua.
Bi kaxa beltzak ezbeharra gertatu eta ordu batzuetara aurkitu dituzte, baina Hego Koreako Garraio Ministerioak jakinarazi duenez, hegaldi-datuen grabagailuak (FDR) kalteak ditu, eta baliteke hilabete bat eta sei hilabete artean behar izatea deskodetzeko.
Choi Sang-mok Hego Koreako presidenteak zazpi dolu-egun iragarri ditu bihartik aurrera, eta doluminak eman dizkie biktimen familiei.
Ezbeharra Hego Korean azken hamarkadetan izan den zurrunbilo politiko handienaren erdian gertatu da.
Lehen ministrorde eta Finantzen arduradunak ostiralean hartu zuen bitarteko presidente kargua. Egun horretan, Parlamentuak bere aurreko ministroa, Han Duck-soo, kargugabetu zuen, Yoon Suk-yeol presidentea ordezkatu zuena. Abenduaren 14an, Parlamentuak kargutik kendu zuen Yoon, hil hasieran lege martziala onartu zuelako.