Mundua -

AEB

New Yorkeko Marcy kartzelako funtzionarioek hiltzeraino jipotu dute preso afro-amerikar bat

Espetxeko hiru zaindari zurik jipoitu zuten Robert Brooks, konorterik gabe zegoela eta aurpegian odola zuela ere kolpatu zuten, beste funtzionario zuri batzuen pasibotasunaren aurrean. Biharamunean hil zen. Fiskal nagusiak guardietako baten kameraren bideoa argitaratu du.

New Yorkeko fiskalak argitaratutako bideoaren fotograma bat.
New Yorkeko fiskalak argitaratutako bideoaren fotograma bat.
New Yorkeko fiskalak argitaratutako bideoaren fotograma bat.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marcyko espetxeko guardiek zaintzapean zuten Robert Brooks presoa hiltzeraino jipoitu dute, horietako batek soinean zeraman kamerak hartutako irudietan ikusten denez. 

Grabazioan, preso afro-amerikarra eskuak bizkarrean lotuta zituela ageri da, eta espetxeko hiru zaindari zurik ukabilkadak eta ostikadak eman zizkiotela ikusten da, baita konorterik gabe zegoela eta aurpegian odola zuela ere, beste zaindari zuri batzuen pasibotasunaren aurrean. Ondoren, zaindarietako batek barruko arropatan utzi zuela ere ikus daiteke.

Letitia James New Yorkeko fiskal nagusia ari da kasua ikertzen, eta espetxeko geletako batean abenduaren 9an gertatutakoa erakusten duen bideo bat argitaratu du, New York Post egunkariak zabaldu duenez.

Jipoia jaso eta biharamunean hil zen Brooks, Uticako Wynn Ospitalera eraman ondoren. Medikuen txostenaren arabera, "lepoa estutzearen ondoriozko asfixiagatik" hil zen.

Oraingoz ez dute 43 urteko gizonezkoari eraso egiteko motibazioaren inguruko azalpenik eman. 

"Nire doluminik zintzoenak Brooks jaunaren familiarentzat", adierazi du Jamesek ostiral honetan prentsaurrekoan. "Bideo hau argitaratzea ez da arinkeriaz egin dudan zerbait, bereziki festa-egunen erdian gaudenean", baina "nire betebeharra eta erantzukizuna da" informazio hau zabaltzea, argudiatu du.

Jamesek esan du ikerketa "sakona" dagoela martxan, eta dagoeneko Brooksen senideekin bildu direla, gertatutakoaren irudiak erakusteko.

Daniel Martuscello III.a Espetxeetako Estatu komisarioak iragarri duenez, inplikatuak berehala kanporatu dituzte, eta hamahiruri enplegu eta soldata kendu dizkiete, "bizitza bat zentzurik gabe amaitu duen ekintza zakar eta anker honengatik". Beste funtzionario batek dimisioa eman du. Gainera, aldaketak iragarri ditu, "gure instalazioetan berriro inoiz gerta ez dadin horrelakorik".

"Hau hilketa bat da eta erantzuleak egongo dira", azpimarratu du Martuscellok. "Pertsona horiek ez dute sailaren jarduna ordezkatzen, ezta defendatzen duten ezer ere", azpimarratu du.

Brooks hamabi urteko kartzela-zigorra betetzen ari zen lehen graduko erasoagatik, bikotekidea behin eta berriz sastatzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Presoak Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak Erailketak