Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

NBEk Gazako osasun azpiegiturak zaintzeko eskatu du, Israelek Kamal Adwan ospitalea suntsitu ostean

Hamasek ukatu egin du bere mugimenduko kideak zeudenik ospitalean. Inguruan martxan zegoen azkeneko ospitalea zen.

Hondakinak Israelek Gazan egindako eraso baten ostean. Argazkia: EFE
Hondakinak Israelek Gazan egindako eraso baten ostean. Argazkia: EFE
Hondakinak Israelek Gazan egindako eraso baten ostean. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak Gazako Zerrendako osasun azpiegiturak babesteko deia egin die alde guztiei, azken orduotan Israelgo Armadak Kamal Adwan ospitalea, Gaza iparraldean martxan zegoen azkena, suntsitu ostean.

"Alde guztiei eskatzen diegu errespeta eta babes ditzatela egoera guztietan osasun arloko langileak eta osasun azpiegiturak, ospitaleak tartean", adierazi du Stephanie Tremblay NBEren idazkari orokorraren bozeramaileordeak.

Horren harira, gogorarazi du Kamal Adwan dela Gazako inguru horretan martxan zegoen azken ospitalea, eta orain osasun langileek ez dutela bertan sartzerik.

Era berean, horrelako erasoek, osasun langileak ez ezik, ospitalean dauden zaurituak ere arriskuan jartzen dituztela gaineratu du. "Berehalako su-etena eskatzen jarraitzen dugu", berretsi du.

Israelgo Armadaren arabera, ospitalean "terroristak, azpiegitura terroristak eta jarduera terroristak" zeudela iritsi zaielako egin dute erasoa, eta gaixoei eta langileei "modu ordenatuan" ateratzen utzi diete.   

Hala ere, ospitalean indarka sartzea, 350 pertsona (gaixoak eta medikuak) kanporatzea eta ospitalera iristeko bideak moztea egotzi die Gazako osasun arduradunek soldadu israeldarrei.

Hamasek, bere aldetik, Filastin egunkarian argitaratutako agiri batean, ukatu egin du ospitalean mugimenduko kideak zeudela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina