Mundua -
Estatu-kolpe saiakera
Hego Koreako Parlamentuak kargutik kendu du behin-behineko presidentea, eta krisi politikoa areagotu du
Yoon Suk-yeol kargugabetuaren funtzioak hartu zituen Han Duck-sook, eta gaur bera kendu dute kargutik. Hego Koreak behin-behineko gobernuburu eta estatuburu bat kargugabetzen duen lehen aldia da.
Agentziak | EITB Media
Hego Koreako Parlamentuak Han Duck-soo behin-behineko lehen ministro eta presidentea kargutik kentzeko mozio bat onartu du gaur, oposizioak aurkeztuta. Mozio horrek herrialdeak bizi duen krisi politikoa areagotu du.
Yoon Suk-yeol kargugabetuaren funtzioak hartu zituen Hanek. Hego Koreak behin-behineko gobernuburu eta estatuburu bat kargutik kentzen duen lehen aldia da. Gauzak horrela, Choi Sang-mo Finantza ministro eta lehen ministrordeak gaurtik aurrera izango du kargua.
Ekimena aldeko 192 botorekin onartu da, oposizioak guztira dituen eserlekuen kopuruarekin. Gobernuan dagoen PPP alderdiak, aldiz, kontrako botoa eman du.
Kargugabetzea onartu eta gutxira, PPPk Auzitegi Konstituzionalean Hanen kargugabetzea baliogabetzeko eskaera aurkeztu du.
Bestalde, Chaik, presidente berria den aldetik, idatzi bat igorri du, eta bertan adierazi duenez, "Gobernuak ahal duen guztia egingo du erakundeen egonkortasuna bermatzeko".
Bozketa egin baino minutu batzuk lehenago, Woo Won-sik Hego Koreako Parlamentuko presidenteak iragarri du Hanen kargugabetzea gauzatu egingo litzatekeela mozioa gehiengo sinplearekin onartzen bazuten. Erabaki horrek PPPko diputatuen haserrea eragin du.
Agintean dagoen alderdiak, behin-behineko presidentea izanik, Hego Koreako presidente baten kargugabetzea onartzeko erabiltzen den neurri bera (Parlamentuaren bi heren, oposizioak ez duen ordezkaritza) erabiltzea eskatzen zuen.
Hala ere, Alderdi Demokratiko liberalak (PD), mozioa aurkeztu duen eta Woo kide duen oposizioko alderdi nagusiak, Hanen kasuan Kabineteko gainerako kideak kargutik kentzeko beharrezkoa den baremo bera, gehiengo sinplea, erabili behar zela defendatzen zuen.
Izendapenak Auzitegi Konstituzionalean
PDk Han inhabilitatzeko mozioa aurkeztu zuen ostegunean, Hanek Auzitegi Konstituzionalerako magistratu berrien izendapenik onartuko ez zuela esan ostean, oposizioak eskatzen zion bezala. Konkretuki, bi alderdi nagusiek akordioa lortu arte, auzitegiko eserlekuak bete behar dituzten hiru magistratuen inguruan erabakirik ez zuela hartuko iragarri zuen agintari berriak.
Auzitegi Konstituzionala Yoon Suk-yeol epaitzen ari da joan den abenduaren 3an gerra-legea ezartzeagatik.
Auzitegiko hiru eserleku huts horiek bete ezean, gaur egun Gortea osatzen duten sei magistratuek aho batez onartu behar dute kargugabeztea, hori gauzatu dadin.
PD saiatzen ari da bermatzen Yoonen kargugabetzea ahalik eta lasterren baieztatuta geratzea, horrela hauteskunde presidentzialak aurreratu ahal izateko.
PPP, ostera, prozesua ahalik eta gehien luzatzea bilatzen ari da, Auzitegi Gorenak Lee Jae-myung liberalen buruzagiaren aurkako epaia berretsi dezakeelakoan, hauteskunde-legea urratzeagatik. Horrela, PD buruzagirik gabe geratuko litzateke hauteskundeen atarian.