Mundua -

Gaza

Israelek Kamal Adwan ospitaleko bost osasun langile hil ditu

Hauek dira gaur eraildako profesionalak: Ahmad Samour pediatra, Israa Abu Zaydeh laborategiko espezialista, Abdul Majid Abu al Aish eta Maher al Ajrami anbulantziako langileak, eta Fares al Houdali mantentze-lanetako espezialista.

Suntsipena Gazan. Artxiboko argazkia: EFE
Suntsipena Gazan. Artxiboko argazkia: EFE
Suntsipena Gazan. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek Beit Lahiako (Gaza iparraldea) Kamal Adwan ospitaleko bost langile hil ditu gaur, Hussam Abu Safiya zuzendariak jakinarazi duenez. Armada sionistaren setioak 83 egun bete ditu ospitale inguruan. Gainera, erasoak duela astebete areagotu ziren.

Hauek dira erailak: Ahmad Samour pediatra, Israa Abu Zaydeh laborategiko espezialista, Abdul Majid Abu al Aish eta Maher al Ajrami anbulantziako langileak, eta Fares al Houdali mantentze-lanetako espezialista.

Kamal Adwanen 75 zauritu eta 180 langile daude, zuzendariaren arabera, eta guztira 350 pertsona inguru daude azpiegituraren barruan.

Gaur arratsaldean, Abu Safiyak beste ohar bat igorri du ospitalearen egoeraz eta Israelgo Armadaren erasoak gero eta bortitzagoak zirela ohartaraziz.

"Leherketetako baten metraila eraikinean sartu eta paziente baten gelan kalteak eragin ditu, Hassan al Dabous erizaina zaurituz. Zauri larria du buruan", kontatu du medikuak, eta Al Dabous oso larri dagoela ziurtatu du.

Ospitaleko beste langile bat zauritu da gaur, granada batek eztanda eginda, drone batek jaurti ondoren.

Gainera, ospitaleko zuzendariak salatu duenez, lehergailuz betetako hamar bat ibilgailu zartarazi dituzte ospitalearen inguruan, eta kalte handiak eragin dituzte.

Bestalde, gutxienez lau haurtxo hil dira azken orduetan hotz handiaren ondorioz, agintari gazatarren arabera. WAFA albiste agentziak jakitera eman duenez, azken 72 orduetan laugarren umetxo bat hil da Gazan.

Guztira, 45.399 pertsona hil dituzte Gazan azken 14 hilabeteetan; horietatik % 70 emakumeak eta haurrak dira, eta 107.940 zaurituak. Zenbaki horiek ez dituzte barne hartzen 11.000 gorpu inguru, Zerrendako Osasun Ministerioaren arabera, hondakinen artean jarraitzen dutenak edo errepideetan daudenak, erreskate taldeek sartu ezinda.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila