Mundua -
Gaza erasopean
Al Quds kateko bost kazetari hil ditu Israelek, transmisioko ibilgailuan zihoazenean
Autoak 'prentsa' bereizgarria zeraman eta Al Auda ospitale parean suntsitu dute, Nuseirateko errefuxiatuen gunean. Israelek dioenez, Jihadisten "eskuadroi" baten kontrako "eraso selektiboa" izan da. 201 dira dagoeneko Gazan 2023ko urritik eraildako kazetariak.
EITB Media
Al Quds kateko bost kazetari hil ditu Israelek ostegun goizaldean Al Auda ospitale parean egindako eraso batean, Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuan.
'Prentsa' bereizgarria zeraman autoan zihoazen, eta lanean ari zirela bonbardatu dute ibilgailua. Faisal abu al Qumsan, Auman al Yadi, Ibrahim Seij Ali, Fadi Hasuna eta Mauhmad al Lada dira eraildako kazetariak, kateak berak Telegrameko kanalean azaldu duenez.
"Krimen sionista hau kazetarien kontra lehendik ere egin diren krimenei gehitzen zaie, eta herri palestinar borrokalariaren kontrako sarraskiari. Guk, Al Quds telebista katean, gure lankideen galeragatik negar egiten dugun bitartean, erresistentziaren aldeko mezuarekin lanean jarraitzen dugula baieztatzen dugu", azaldu du kateak ohar batean.
Leherketak kalteak eragin ditu ospitalean ere eta mediku bat larri zauritu dute, lanean zela hura ere, Filastin egunkari palestinarrak aipatzen duenez.
Israelgo Armadak esan duenez, jihadisten "eskuadroi" baten kontrako "eraso selektiboa" izan da.
201 dira dagoeneko Gazan 2023ko urritik eraildako kazetariak.