Mundua -
Gerra Ukrainan
Errusiak 70 misil eta drone baino gehiago jaurti ditu Ukrainako energia azpiegituraren aurka
Kremlinek baieztatu egin du abenduaren 25eko goizean Ukrainako energia azpiegituraren aurkako eraso handia egin duela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiak 70 misil eta ehun drone baino gehiago jaurti ditu abenduaren 25eko goizaldean Ukrainako sare elektrikoaren eta sistema energetikoaren aurka.
"Gaur, Putinek nahita aukeratu du Eguberri eguna eraso egiteko", adierazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bere sare sozialetan, Kremlineko buruzagiari erreferentzia eginez.
Zelenskik jakinarazi duenez, Errusiak Ukrainako energia azpiegituran egindako erasoaren ondorioz, "energia mozketak daude hainbat eskualdetan", eta hornidura elektrikoa lehenbailehen berrezartzeko lanean ari dira.
"Zer izan liteke bihozgabeagoa? 70 misiletik gora, tartean balistikoak, eta erasorako ehun dronetik gora. Gure energia sistema dira helburuak. Ukrainan itzalaldia eragiteko borrokan jarraitzen dute", adierazi du Zelenskik.
Hainbat eskualde alerta egoeran zeuden gauean, kruzero misilak jaurti zituztelako, eta hainbat zentral termikori eraso egin diete, DTEK energia operadorearen arabera; ekipamenduan kalteak izan direla dio, xehetasun gehiagorik eman gabe.