Mundua -
EZBEHARRA
Gutxienez 38 pertsona hil dira Kazakshstanen izan den hegazkin istripuan
Kazakhstango Osasun Ministerioak aurreratutako behin behineko datuen arabera, 32 pertsona atera dira bizirik.
EITB MEDIA
Gutxienez 38 pertsona hil eta 29 zauritu dira asteazken honetan Azerbaijan Airlines konpainiako hegazkinak Kazakhstango Aktau hiritik gertu lurra jo ostean
Istripua izan duen hegazkinean 67 pertsona zihoazen, tripulazioko bost kide barne, Azerbaijango Kanpo Arazoetako Ministerioak jakitera eman duenez. Bidaiari gehienak azerbaijandarrak dira, nahiz eta errusiarrak, kazakhstandarrak eta kirgizak ere egon. Informazio gehiagoren zain, pilotuen heriotza baieztatu da.
Kanat Bozumbayev Kazakhstango lehen ministrordeak jakinarazi duenez, 38 pertsona hil dira, guztiak identifikatzeke. "Gorpuak egoera txarrean daude, gehienak erreta", kontatu du. 29 zaurituen artean 11 larri daude. Hala ere, Azerbaijango agintariek jakinarazi dute 32 direla bizirik atera direnak, eta baliteke kopuru horiek guztiak behin betikoak ez izatea.
Hegan ordu pare bat egin orduko, larrialdiko lurreratzea eskatu zuen hegazkinak. Grozniko laino ugarien ondorioz, lehenik Majatxkalara desbideratu zuten, Dagestan errusiarrean, eta gero Aktaura, non azkenean Kaspiar itsasoaren ertzean dagoen hiri horretako aireportutik hiru kilometrora erori den.
Azerbaijango presidenteak, Ilham Aliyevek, gertatutakoa ikertzeko batzorde bat martxan jartzeko agindua eman du, eta ordezkaritza bat bidali du ezbeharraren lekura. Bien bitartean, gertatutakoaren "bertsio ezberdinak" daudela azaldu du, baina oraindik ondorioak ateratzeko "goizegi" dela gaineratu du.
Istripuaren arrazoia ikertzen ari dira. Informazio batzuen arabera, txori talde batek aireontziaren aurka talka egitearen ondorioz gertatu zen ezbeharra; beste komunikabide batzuen arabera, berriz, oxigeno-bonbona bat lehertu zen ontzian, eta pilotuek aparatuaren kontrola galdu zuten.