Mundua -
Iraultza Sirian
Iraultzan parte hartu zuten talde armatuek erabaki dute desegitea eta Siriako Defentsa Ministerioan sartzea
Akordio horrekin, Siriako agintari berriek erakunde militarra aginte beraren pean bateratzea nahi dute, eta zatiketa militarrari amaiera eman.
Agentziak | EITB MEDIA
Baxar al Asad Siriako presidentearen erregimenari amaiera eman zion erasoaldian parte hartu zuten fakzioek desegitea eta indar bateratu berean sartzea erabaki dute, Defentsa Ministerioaren babespean. Hala erabaki dute Ahmed al Sharaa Siriako buruzagi berriarekin bildu ostean.
Joan den larunbatean, inplikatutako aldeek lehen bilera bat egin zuten Defentsa Ministerioaren zuzendaritzapean Armada berrian integratzeko prozesu hori jorratzeko. Prozesu horretan sartu dira, halaber, iraultzaren erasoaldiarekin bat egin zuten erregimen zaharreko Armadako kideak.
Siriako agintari berriek trantsizio gobernu bat izendatu dute 2025eko martxora arte, eta "guztiak" indultatuko dituztela agindu dute, eskuak "siriarren odolez zikinduta" dituztenak izan ezik.
Akordio horren bidez, Siriako agintari berriek erakunde militarra aginte beraren pean bateratu nahi dute, eta zatiketa militarrarekin amaitu. Aldi berean, herrialdeko arma guztiak kontrolatzeko erronka betetzen saiatzen ari dira.
Erasoak Siria ipar-ekialdean
Bien bitartean, Siria Demokratikoko Indarrek, kurduek gidatutako aliantza armatuak, salatu dute Turkiaren aldeko fakzioen eraso bati aurre egin diotela Siriako ipar-ekialdean, "liskar bortitzak izaten ari baitira".