Mundua -
ERASOA ALEMANIAN
Alemaniako agintariek baieztatu dute Magdeburgeko erasotzaileari buruzko alerta bat jaso zutela 2023an
Saudi Arabiak 2023ko azaroan bidali zuen ohartarazpena. 2006tik bizi da Alemanian, psikiatriako espezialitatea egiteko bisa bati esker, bere jatorrizko herrialdean medikuntza ikasi ondoren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alemaniako Migrazio eta Iheslarientzako Bulego Federalak (BAMF) baieztatu du 2023ko udan alerta bat jaso zuela Magdeburgeko gabonetako azokako harrapaketagatik atxilotutako susmagarriari buruz. Bost pertsona hil eta 200 baino gehiago zauritu ziren erasoan.
"Sare sozialen bidez jaso zuen abisua bulegoak iazko udaren amaieran", azaldu du erakundeak ohar ofizial batean.
"Abisu hori, jasotzen ditugun gainerako abisu guztiak bezala, serio hartu zen", esan du agentziak, eta ohiko prozedura betez, dagokion agintaritzari helarazi ziola. BAMFk "ulermena" eskatu du, bere lana "honetatik haratago" doalako.
Azken orduetan, susmagarriari buruz BAMFra bidalitako abisuen pantaila-irudiak ibili dira sare sozialetan, eta polemika piztu da.
Holger Muench Polizia Kriminalaren Bulego Federaleko (BKA) arduradunetako batek baieztatu duenez, Saudi Arabiatik zetorren abisu bat ere jaso zuten 2023ko azaroan, eta ikerketa abiatu zutela azaldu du, baina abisua "abstraktua" zela, ARD Alemaniako telebista publikoaren arabera.
Erasotzailearen motibazioari buruzko ikerketak aurrera jarraitzen du
Magdeburgeko Fiskaltzak ikertzen jarraitzen du erasotzaileak nola eta zergatik egin zuen erasoa.
Harrapaketa berreraiki dute. Horren arabera, Taleb A, BMW beltz bat gidatuz, gabonetako azokan sartu zen arratsaldeko zazpiak aldera, autoen joan-etorria galarazteko bolardorik ez zegoen puntu bakarra aprobetxatuz, anbulantzientzako eta erreskate-autoentzako bide gisa pentsatuta zegoen ibilbidea hartuta.
Poliziak berehala hasi zuen jazarpena, eta handik gutxira lortu zuen erasotzailea atxilotzea. Harrapaketan parte hartu zuen agente batek Alemaniako hedabideei esan dienez, ustezko erasotzaileak ia-ia bere burua entregatu zuen.