Mundua -
AEB
AEBk aurrekontuak luzatu ditu errepublikanoen eta demokraten babesarekin, eta Gobernuaren itxiera galarazi du
Azkenean errepublikanoek ez dute lortu gehienezko zorra aurrekontuetatik kentzea.
agentziak | eitb media
AEBko Senatuak aurrekontu federalak luzatzea lortu du errepublikanoen eta demokraten babesarekin, eta Gobernuaren itxiera galarazi du, akordioa epez kanpo iritsi bada ere.
Ordezkarien Ganberak ordu batzuk lehenago onartua zuen aurrekontuak luzatzea, aldeko 366 botorekin eta kontrako 34rekin, eta Senatuaren onarpena (85 alde eta 11 kontra) gauerdia (epemuga) jo eta 40 minutura iritsi da.
Goi Ganberak aurrekontuari oniritzia eman ostean, testua Etxe Zurira bidali dute, Joe Biden presidentearen sinadurarekin indarrean jar dadin.
Etxe Zuriak, gauerdia igaro denean, aurreratu du ez zuela Gobernua ixteko neurririk hartuko, bazekielako Kongresuak onartu egingo zituela aurrekontuak.
Administrazio federalaren itxierak soldatarik gabe utziko zituzkeen milaka eta milaka langile publiko, eta herrialdeko agentzia nagusiak zerbitzu minimoetan lanean.
Aurrekontuak onartuta, Gobernuak 2025eko martxoaren 14ra arte izango du finantzazioa. Bigarren aurrekontu proposamena da onartutakoa, Donald Trump presidente hautatuak asteazkenean errepublikanoek eta demokratek egindako akordioa bertan behera utzi ostean.
Trumpek eta Elon Muskek ituna haustera behartu zituzten kongresista errepublikanoak, gehienezko zorraren araua testutik kentzeko asmoz.
Proposamen horrek, baina, porrot egin zuen Behe Ganberan, demokratak eta errepublikano batzuk aurka agertu zirelako.
Alderdi barruan eztabaidatu ostean, Mike Johnson Ordezkarien Ganberako presidenteak (errepublikanoa da) antzeko testu bat aurkeztu zuen ostiralean, gehienezko zorraren puntua kenduta, eta azkenean aurrera atera da.
2025eko martxoaren 14ra arte aurrekontu federalak ziurtatuko dituen neurria onartuta (ordurako Trump izango da presidente, urtarrilaren 20ko inbestiduraren ostean), 100.000 milioi dolar izango ditu AEBko Gobernuak hondamendi naturalen prebentziorako, eta 10.000 milioi laborarientzat.
Trumpek gehienezko zorraren araua kentzea lortu ez badu ere, litekeena da gaia berriro mahai gainean jartzea martxoan, aurrekontua amaitzen denean. Legegintzaldi berria hasita egongo da ordurako, eta errepublikanoek izango dute agintea bi ganbaretan.
Administrazioa 20 bat aldiz geratu da finantzaziorik gabe 1976tik, baina gehienetan egun batez baino ez.
Gobernuaren itxiera luzeena, 35 egunekoa, Trumpen lehenengo agintaldian (2017-2021) gertatu zen, 2018ko gabonen atarian, AEBren eta Mexikoren arteko mugan agintari errepublikanoak altxatu nahi zuen hesiak errepublikanoen eta demokraten artean sortutako desadostasunengatik.