Mundua -
Italia
Matteo Salvini absolbitu egin dute, Open Arms ontzi humanitarioa blokeatzeagatik egindako epaiketan
Fiskaltzak 6 urteko espetxe zigorra eskatu zuen, pertsonak bahitzea egotzita, besteak beste.
AGENCIAS | EITB Media
Palermoko (Italiako hegoaldea) Auzitegiak absolbitu egin du Matteo Salvini Italiako Gobernuko presidenteordea, 2019an Open Arms espainiar itsasontzi humanitarioa blokeatzeagatik egindako epaiketan.
Fiskaltzak 6 urteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat, pertsonak bahitzea egotzita.
2019ko abuztuan gertatu zen blokeoa. Open Arms GKE espainiarraren ontziak 147 migratzaile erreskatatu zituen Mediterraneoan, baina Salvinik -orduan Barne ministro zen- galarazi egin zien Italian lehorreratzea.
Gatazkak 20 egun iraun zuen, Justiziak ontziari Lanpedusan porturatzeko baimena eman zion arte.
Epaileen esanetan, ezin izan da frogatu Salvinik egotzitako delituak egin izana.
2022tik, eskuin muturreko buruzagia presidenteorde eta Garraio ministro da Giorgia Meloni lehen ministroaren Gobernuan.