Mundua -
Inbasioa
Turkiak Sirian kurduen aurka egin dezakeen erasoaren gakoak
Kurduak Siriako biztanleriaren % 10 inguru dira. 1960ko hamarkadatik eta gerra zibila hasi zen arte, 2011n, herririk zapalduena ziren, baina erregimenak erasorik ez egiteko itun bat adostu zuen, eta horri esker, PYDk administrazio propioa ezarri zuen ipar-ekialdean, Rojava izenez ezagutzen dena.
EITB Media
Badirudi Turkia tropak pilatzen ari dela Siriako mugatik gertu, itxuraz Kurdistanen aurkako eraso bat egiteko. Baxar al Asad diktadorea erori ondoren trantsizio hauskor batean dagoen estatua da Siria.
Zer rol dute kurduek Sirian?
Kurduak (gehienak islam sunitak dira) Siriako biztanleriaren % 10 inguru dira. 1960ko hamarkadatik eta gerra zibila hasi zen arte, 2011n, herririk zapalduena eta jazarriena ziren, baina, borrokan zehar, Baxar al Asaden erregimenak erasorik ez egiteko itun bat adostu zuen, eta horri esker, PYD alderdiak administrazio propioa (AANES) ezarri zuen Siriako ipar-ekialdean, Rojava izenez ezagutzen dena.
Herriaren Babeserako Unitateak (YPG) gerra zibilean sortutako milizia kurdu bat dira, PYDari lotua. Siriako ipar-ekialdearen zati handi bat kontrolatzen dute, gehiengo kurdua duen eskualdea da, baina arabieraz hitz egiten duen populazio garrantzitsua eta gutxiengo kristauak eta yaziarrak daude. YPGk beste talde batzuekin duen aliantza Siria Demokratikoko Indarrak (SDF) bezala ezagutzen da.
YPG "terroristatzat" jo du Ankarako erregimenak, Kurdistango Langileen Alderdiarekin (PKK), Turkiako gerrilla kurduarekin, dituen "lotura estuengatik". Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek ere "terroristatzat" jotze dute PKK, baina ez YPG. PKKk bere gain hartu ditu erasoak Turkian, azkena urrian, baina YPGk orain arte baztertu egin dute Turkian edozein eraso egiteko aukera.
Rojavak ez du inoiz independentzia eskatu, eta Asad erori ondoren, garaileek erabilitako bandera hartu eta Damaskoko agintari berriekin negoziazioak abiatu zituen, HTS milizia islamista buru zutela.
Turkia vs. kurduak vs. islamistak
HTS Al Qaida talde jihadistaren oinordekoa da; talde horren adar siriarrak Estatu Islamikoa (EI edo Daesh) ezarri zuen; YPGk, berriz, muturreko islamismoaren aurka dago, eta 2014 eta 2015 artean gogor egin zuten jihadisten aurka, bereziki Kobani hiriaren inguruan. Horretarako, Washingtonen laguntza militarra izan zuten. AEBk oraindik tropak ditu kurduen lurraldean.
Turkiak 2016an abiarazi zuen lehen esku-hartze militarra Sirian, EIren aurka, baina 2018an, tokiko miliziekin batera, PYDren kontrolpean zegoen Afrin eskualdea konkistatu zuen. 2019an, 100 kilometro luzeko muga hartu zuen iparraldean, Errusiak aurka egin ostean gelditu zen erasoaldia.
Zer nahi du Ankarak Sirian?
Ankarak azpimarratu duenez, kurduek Siria berriaren eraikuntzan parte hartu behar dute, baina YPG "Turkiatik edo Iraketik iritsitako borrokalariek zuzendutako talde terrorista bat da, kurdu siriarrak zapaltzen dituena eta desegin behar dena".
Horren arrazoien artean: "YPG Turkiako kurdu eta turkiar ezkertiarren gertukoak da, Recep Tayyip Erdogan presidentearen eta AKP alderdi islamistaren aurkako oposizio irmoena".
Erdoganen anbizioa PKKrekiko gatazkari amaiera ematea da, kurduak bere proiektuan barneratuz, kurduen aldeko Turkiako alderdiak (DEM) gizarte laiko eta demokratikoa eskatzen duen bitartean. YPG boteretik kentzeak, teorian, Turkiako kurduen artean ezkerreko korrontea ahulduko luke.
Erasorik izango al da?
Errusiak eta Siriako Armadak atzera egin ondoren, YPGk AEB dute aliatu, baina ez dago argi oraindik Joe Biden presidenteak esku hartuko duen. Donald Trumpek, aldiz, urtarrilaren 20an hartuko du kargua, eta ia ziur ez ditu indar kurduak lagunduko: 2019an YPGen aurkako eraso turkiarra utzi zuen, eta indar estatubatuarrak Siriatik erretiratzea proposatu zuen.
Era berean, Irakeko Kurdistango eskualde autonomoak ez du ematen YPG lagunduko duenik, haien Gobernua Ankararen aliatu estua baita eta ekonomikoki Turkiarekiko merkataritzaren mende baitago. Hala ere, ezin da erabat baztertu.
Nolakoa izango litzateke erasoa?
Aurreko erasoetan bezala, Ankarak tokiko miliziak izango lituzke lagun, batez ere islamistak, baina horrek zatiketa eragin lezake Siria osoan, mesfidantza sortuz kristauengan eta alawiengan, biak islamismoaren aurkakoak.
Sirian gutxiengo guztiek babestutako trantsizio-gobernu bat laster ezartzea lortzen ez bada, gerra zibil berri bat edo islamisten erregimena nagusitu daiteke.