Mundua -

Inbasioa

"The Wall Street Journal"en arabera, Siriako kurduen aurkako erasoaldi handi bat prestatzen ari da Turkia

Abenduaren hasieran Al-Assaden erregimena erori zenean hasi zen Turkia tropak metatzen Siriako mugan, eta antzeko mugimendua egin zuen 2019an herrialde horretako ipar-ekialdea inbaditu aurretik.

Hainbat kurdu Estatu Islamikoaren kontrako garaipena ospatzen Kobanin. Artxiboko irudia: EFE
Hainbat kurdu Estatu Islamikoaren kontrako garaipena ospatzen Kobanin. Artxiboko irudia: EFE
Hainbat kurdu Estatu Islamikoaren kontrako garaipena ospatzen Kobanin. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko The Wall Street Journal egunkariak jakitera eman duenez, Turkia eta milizia aliatuak indarrak metatzen ari dira Siriako mugan, eta horrek pentsarazten du Ankara prestatzen ari dela Siriako kurduen kontrolpeko lurraldean eskala handiko erasoaldi bat egiteko.

Egunkariak AEBko goi-funtzionarioek emandako informazioa aipatzen du, baina ez du izenik esan, eta, dioenez, indarrek Turkiako milizianoak eta uniformedun komandoak eta artilleria ugari batu dituzte Kobanitik gertu; hiri hori Siriak Turkiarekin duen iparraldeko mugan dago, eta gehiengo kurdua dago bertan.

Abenduaren hasieran Al-Assaden erregimena erori zenean hasi zen Turkia tropak metatzen Siriako mugan, eta antzeko mugimendua egin zuen 2019an herrialde horretako ipar-ekialdea inbaditu aurretik.

Ilham Ahmed Siriako kurduen administrazio zibileko funtzionarioak astelehenean Donald Trump AEBko presidente hautatuari esan zion litekeena zela Turkiak operazio militar bat egitea, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteari presio egin ziezaion eskatu zion, mugaren beste aldera tropak ez bidaltzeko.

Ahmeden esanetan, Turkiaren helburua "gure lurraren (Siriaren) gaineko kontrola ezartzea da, zuk (Trumpek) kargua hartu baino lehen, eta horrek gure lurraldeko agintari gisa haiekin harremanak izatera behartuko zintuzke", idatzi zion Ahmedek Trumpi AEBko egunkariak eskuratu ahal izan duen gutun batean. "Turkiak bere inbasioa burutzen badu, ondorioak katastrofikoak izango dira", azpimarratu du.

Kurduek gidatutako Siriako Indar Demokratikoek AEBko tropekin bat egin zuten Siriako ipar-ekialdean Estatu Islamikoari aurre egiteko, baina, orain, Turkiaren mehatxuak egoera ahulean utzi ditu kurduak Bidenen administrazioak lekukoa eman aurretik.

AEBko Estatu idazkariak, Antony Blinkenek, Turkiara bidaiatu zuen joan den astean, Erdoganekin Siriaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko eta Ankarak kurduen aurkako operazioak murriztuko zituela bermatzeko. Baina elkarrizketek porrot egin zuten astelehenean, akordiorik gabe, Siriako Indar Demokratikoen bozeramaile baten arabera.

Siriako Indar Demokratikoak orain "pilaketa militar garrantzitsuak" ikusi ditu Kobani hiriaren ekialdean eta mendebaldean, Ahmedek gutunean gaineratu zuenez.

Al-Assad boteretik kentzeak ziurgabetasun egoeran utzi zuen Siriaren etorkizuna, eta borroka berriak hasi ziren Siriako kurduen eta Turkiak babestutako talde matxinoen artean.

Bere lehen agintaldian, Trumpek AEBren tropak partzialki erretiratu zituen Siriako ipar-ekialdetik, eta horrek Turkiak eskala handian egindako inbasio bat ahalbidetu zuen. Erasoaldi horretan milaka pertsona hil eta desplazatu utzi zituen.

Azkenean, Trumpen administrazioak su-etena negoziatzen lagundu zuen, kurduek mugako lurrak Turkiaren esku uztearen truke.

Ahmedek "diplomaziaren ikuspegi bakarra" erabiltzeko eskatu dio orain presidente hautetsiari, Erdogani edozein operazio gelditzeko konbentzitzeko: "Hondamendia saihesteko boterea duzula uste dugu. Erdogan presidenteak entzun zaitu, eta zure deiari erantzungo diolakoan gaude".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Turkia Siria