Mundua -
Hauteskundeak Alemanian
Scholzek konfiantza-galdea galdu du, hauteskunde kanpaina gogorra iragarri duen eztabaida gogorraren ostean
Gobernukide ohien arteko gaitzespenez eta oposizioaren aurkako erasoez jositako eztabaida izan da. Hauteskundeak otsailaren 23rako aurreikusi dira.
Agentziak | EITB Media
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak konfiantza-galdea galdu du astelehen arratsaldean Alemaniako Parlamentuan, hiru orduko eztabaida bizi baten ondoren. Eztabaida SDP alderdi sozialdemokrataren eta FDP liberalaren (Gobernu koalizioko kide ohiak, Berdeekin batera) arteko liskarrez eta baita oposizioko aurkari nagusiari (CDU) egindako erasoz betetakoa izan da.
Alemanian bizi den giro politikoak iradokitzen du otsailaren 23rako aurreikusita dauden hauteskundetarako kanpaina oso gogorra izango dela.
Botoa eman duten 717 diputatuetatik 394k konfiantza ukatu diote politikari sozialdemokratari. Alderdi berdeko 116 diputatuak abstenitu egin dira eta bere alderdiko 207ek aldeko botoa eman diote Scholzi. Saioa bukatu denean, Bellevue Jauregira joan da kantzillera, Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteari Parlamentua desegitea eta hauteskundeak deitzea eskatzeko.
Eztabaidan, Scholzek Christian Lindner Finantza ministro ohi liberalaren eta CDUko Friedrich Merz buruzagi kontserbadorearen aurka egin du. Lehenengoari Gobernu-koalizioa barrutik lehertu izana egotzi dio.
Gobernuaren eta oposizioaren arteko zatiketaren eragile nagusietako bat ekonomia izan da, batez ere gastua eta inbertsio publikoak. Scholzen Alderdi Sozialdemokratak eta Berdeek defizita urteko BPGaren % 0,35ean mugatzen duen araua erreformatu nahi dute. Liberalek erabat gaitzesten dute proposamena eta kontserbadoreek eszeptizismoz begiratzen diote.
Politika sozialaren arloan ere alde handiak daude. Alderdi kontserbadoreak (CDU, CSU eta FDP) arlo horretan murrizketak egiteko prest agertu dira. Scholzek gogorarazi du 2021ean "Errespetua" leloarekin irabazi zituela hauteskundeak, eta gaineratu du "errespetua merezi dutela urtean 200.000 euro irabazten dituenak zein egunero gutxieneko soldata kobratzeko lan egiten duenak".
Bestalde, Merzek erantzun dio "Bigarren Mundu Gerraren ostean izandako krisi handienetako batean" utzi duela herrialdea, eta orain sinetsarazi nahi duela "horrela jarraitu behar dela, gazteen belaunaldiaren kontura zorpetu behar dela eta gehiago gastatu behar dela".
Hala ere, eztabaida gogor baten erdian, argi gelditu da denak jakitun direla ziurrenik hurrengo Gobernua ere koalizioa izan beharkoa dela.