Mundua -
EKIALDE HURBILA
Israelek bere biztanleria bikoiztuko du Golango Gainetan okupatutako Siriako lurraldean
Bestalde, Israelgo Atzerri Ministerioak Dublingo enbaxada itxiko duela jakinarazi du, Irlandak Nazioarteko Justizia Gortean (CIJ) Hegoafrikak Estatu juduaren aurka genozidioagatik aurkeztutako demandarekin bat egingo duela iragarri ostean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo Gobernuak Golango Gainetan hedatzeko plan berri bat onartu du igande honetan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak ohar batean iragarri duenez. Planak hamar milioi euroko aurrekontua du, eta helburua gaur egun 30 bat kokagunetan (juduak eta drusoak tartean) bizi diren 50.000 biztanleen kopurua bikoiztea da.
"Golango Gainak indartzea Israelgo Estatua indartzea da", adierazi du Netanyahuk, "eta bereziki garrantzitsua da une honetan".
Israelek Siriako lurraldeko eremu desmilitarizatua ere okupatu du, "muga indartzeko segurtasun operazio" batean.
Atzo, Europar Batasunak, AEBk eta herrialde arabiarrek okupazio hori salatu zuten eta atzera egiteko eskatu zioten Israeli.
Irlandako enbaxada itxiko duela iragarri du Israelek
Gaur, gainera, Irlandan duen enbaxada itxiko duela iragarri du Israelgo Gobernuak Irlandako Gobernuaren politika "guztiz antiisraeldarra" arbuiatuz. Erabaki hau Irlandako Gobernuak Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Gortean Isarelen kontra Gazako sarraskiagatik aurkeztutako genozidio kasuarekin bat egin ondoren iritsi da.
Israelgo Gobernuak jada maiatzean kontsultara deitu zuen Irlandako enbaxadorea, Dublinek Espainiarekin eta Norvegiarekin batera Palestinako Estatua onartu zuela iragarri ondoren. Israelgo agintariek gogor kritikatu zuten neurri hori.
Simon Harris Irlandako lehen ministroak Israelen erabakia deitoratu du eta Irlandako atzerri politika "elkarrizketarekiko konpromisoan eta gatazken konponbide baketsuan" oinarritzen dela defendatu du.
"Irlanda bakearen, giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen alde dago. Irlandak bi estaturen irtenbidea nahi du, eta Israel eta Palestina bakean eta segurtasunean bizitzea. Irlandak beti defendatuko ditu giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea ", adierazi du Harrisek.
Israelek Gazako larrialdi zentro bat bonbardatu du eta kazetari bat eta 3 paramediku hil ditu
Berri agentziek zabaldu dutenez, Israelek Nuseirateko (Gaza erdialdea) errefuxiatuen kanpamentuko Defentsa Zibilaren eraikinaren aurka bonbardaketa egin du gaur eta gutxienez hiru langile eta kazetari bat hil ditu.
"Israelen okupazioak zuzenean bonbardatu zituen gure langileak Nuseirateko zentroan, inolako begirune humanitario edo legalik gabe, eta hil egin ditu erreskate-misio baten ondoren otoitzak egiten ari zirenean", salatu du arratsaldean Gazatarren Defentsa Zibilak, ohiko erasoen ondoren hondakinen artean edo kalean hainbeste gorpu biltzeaz arduratzen denak.
Hiru paramediku eta Al Jazeera kateko kazetari bat dira hildakoak.
Jan Juniseko errefuxiatu eremuan ere beste bonbardaketa bat izan da arratsaldean eta gutxienez 15 lagun hil dituzte.