Mundua -

Gerra Sirian

Siriako Armadak atzera egiten jarraitzen du, eta Irango diplomazialariek Damasko utzi dute

Daraa eta Al-Sweida hartu dituzte errebelde edo terroristek, baina Armada egoeraren kontrola berreskuratzen hasi da Homsen eta Haman.

Indar errebeldeetako kidea, Haman. Argazkia: EFE
Indar errebeldeetako kidea, Haman. Argazkia: EFE
Indar errebeldeetako kidea, Haman. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako Armadak baieztatu du atzera egin duela Daraa eta Al-Sweida probintzietan, herrialdearen hegoaldean, "terroristek" kontrol puntuei eraso egin ostean, eta eremu horretan "segurtasun eremua" osatzen saiatzeko.

"Daraan eta Al-Sweidan zeuden indarrek atzera egin zuten, segurtasun eta defentsa eremu indartsua eta bateratua osatzeko, terroristek kontrolguneei eta Armadari eraso egin ostean", adierazi du Siriako Armadak ohar batean.

Armadaren arabera, eraso horien helburua "Indar Armatuek arreta galtzea zen, terroristei aurre eginez Homsen eta Haman egoeraren kontrola berreskuratzen hasi ostean".

Errebeldeek Daraa probintziako hiriburua (probintziaren izen bera du) hartu zuten, eta Armadak atzera egitea erabaki zuen. Daraa izan zen, hain zuzen ere, 2011ko "Udaberri arabiarra" izenekoaren sorguneetako bat.

Siria hegoaldeko eraso horiekin batera, talde islamistek Baxar al-Assad Siriako presidentearen gobernuaren aurkako erasoei berrekin zieten azaroaren 27an.

Ekialdearen Askapen Taldeak (Al Qaedaren ondorengoa) zuzendutako mugimenduan Turkiak babestutako indar armatuak daude, eta Homs hiriaren atarian daude, Siria erdigunean.

Astebete eskasean, aliantza horrek Alepo eta Hama hiriak hartu dituzte.

Iranek diplomazialariak kendu ditu

Aldi berean, Iran langile militarrak eta diplomazialariak erretiratzen ari da, bai Damaskon bai herrialde osoan dituen Guardia Iraultzailearen baseetan, New York Times egunkariak Irango iturri ofizialak aipatuta jakinarazi duenez.

Egunkariko nazioarteko adituen arabera, Iranen mugimendu horrek "agerian uzten du Teheranek ezin diola Baxar al-Assadi lagundu".

Iran da, Errusiarekin eta Hezbollahrekin batera, Damaskoren aliatu nagusia, eta bere laguntza erabakigarria izan da 2012an Gobernuaren aurka abiatutako erasoaldiei aurre egiteko.

Al-Assaden hiru aliatu horiek ahuldade egoeran daude egun, Israelek Hezbollahri Libanon egindako kaltearengatik eta Errusia Ukrainaren inbasioan murgilduta dagoelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Eguneko albisteak Albisteak Iran Siria