Mundua -

Hego Korea

Yoon, kargugabetzetik gertuago, alderdiko liderraren babesa galduta

Asanblea Nazionalak beranduenez larunbat honetan bozkatuko du Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidentea kargutik kendu edo ez.

Yoon Suk-yeol presidentearen aurkako protestak Hego Korean. Argazkia: EFE
Yoon Suk-yeol presidentearen aurkako protestak Hego Korean. Argazkia: EFE
Yoon Suk-yeol presidentearen aurkako protestak Hego Korean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidentea kargutik kendu lezake Parlamentuak larunbat honetan, agintean dagoen alderdiko buruzagiaren babesa galdu ostean.

Asteazken goizaldean salbuespen egoera bertan behera uzteko erabakia iragartzeko telebistan agerraldia egin zuenetik ez du adierazpenik egin Yoonek. Han Dong-hoon bere alderdiko Herri Boterearen Alderdiko (PPP) buruarekin bildu da gaur.

Bilera horrek Hego Koreako presidentearen balizko dimisioaren berria ematea edo PPPren iritzia argitzea espero zen, baina ez da horrelakorik gertatu. Alderdiko buruaren azken adierazpenek Asanblea Nazionalak beranduenez larunbat honetan bozkatuko duen kargugabetze moziorako bidea leuntzen dutela dirudi.

"Duela gutxi jakinarazitako gertakarien aurrean, Yoon Suk-yeol presidentea bere eginkizunetatik berehala kentzea beharrezkoa dela uste dut, Koreako Errepublika eta bere herria babesteko", esan du Han Dong-hoonek alderdiaren premiazko bilera baten ostean.

Yoon Suk-yeolek bera eta Lee Jae-myung (oposizioko alderdi nagusiko burua) atxilotzeko agindua eman zuela "froga fidagarriekin" baieztatu ahal izan duela esan du Hang Dong-hoonek, eta presidenteak boterean jarraitzen badu herrialdea "arriskuan" jartzen duten "muturreko erabakiak" errepikatuko direla erantsi du.

PPPk premiazko bilera deitu du legebiltzarkideekin, larunbatean Yoon Suk-yeolen kargugabetzea onartzeko edo baztertzeko egingo den saioan izango duten jarrera zehazte aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hego Korea Asia