Mundua -

Berriz irekitzea

Notre Damek gaur irekiko ditu berriro ateak

Berriro irekitzeko ekitaldiak larunbatean hasiko dira, profil ofizialeko zeremonia batekin. Igandean lehen mezak emango dituzte katedralean. Mundu osoko agintariak izango dira Parisen.

Notre Dame katedral berritua. Argazkia: EFE
Notre Dame katedral berritua. Argazkia: EFE
Horrela geratu da Parisko Notre Dame katedrala, 2019ko sutearen ondoren berreraikita

0:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko Notre Dame katedralak gaur irekiko ditu berriro ateak. 2019ko apirilaren 15ean sute batek suntsitu zuen, eta Parisko ikonoetako bat oso egoera larrian geratu zen. Orain, obra faraoniko bat amaitu ondoren, katedralak bere distira guztia berreskuratu du.

Ekitaldiak arratsaldean hasiko dira, zeremonia ofizial batekin, eta igandera arte luzatuko dira ospakizunak. Egitaraua moldatu behar izan dute azken orduan, eguraldi txarra eta haize-bolada handiak baitaude iragarrita. 

Hasiera batean, bi motatako ekitaldiak egin nahi zituzten: zeremonia ofiziala kanpoaldean, izaera politiko eta laikoa izango zuena, eta beste bat barruan, erlijiosoagoa, Laurent Ulrich Parisko artzapezkikuak gidatutakoa. Eguraldiagatik, ordea, ekitaldiak katedralaren barnealdean egingo dituzte. 

Macronek Notre Dameko atarian hartuko ditu 18:15etik aurrera zeremonian izango diren estatuburu eta gobernuburuak, eta denak hartu ostean, artzapezpikuak katedralaren irekiera ofiziala egingo du. Hiru salmo errezitatuko ditu atea gurutze batekin jotzen duen bitartean, eta, ondoren, barruan izango da zeremonia, Macronen hitzaldia barne.

Irekiera ekitaldiak 21:00ak arte iraungo du, eta, jatorrizko plangintzaren arabera, katedralaren kanpoaldean Frantziako telebista publikoak antolatutako kontzertu handi bati eman behar zion bide, baina eguraldiaren menpe dago, oraingoz, kontzertu hori. 

35 bat estatuburu eta gobernuburu izango dira ekitaldian, baina gonbidatuen zerrenda ez dago oraindik itxita. Besteak beste, Jill Biden AEBko lehen dama eta Donald Trump presidente hautatu berria izango dira Parisen. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Sergio Mattarella Italiako presidentea, Filipe eta Matilde Belgikako errege-erreginak eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra ere egongo dira bertan.

Igandean, abenduaren 8an, ekitaldi erlijiosoak izango dira nagusi. Meza izango da 10:30ean, eta aldarea kontsakratuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Eliza Katolikoa