Mundua -
Krisia Hego Korean
Hego Koreako oposizioak presidentea kargutik kentzeko mozioa aurkeztu du, gerra-legea erretiratu duen arren
Yoon Suk Yeol presidentearen alderdiak gutxiengoan agintzen du, eta, hortaz, oso litekeena da bere aurkako mozioak aurrera egitea, eta kargua utzi behar izatea.
EITB Media
Yoon Suk Yeol Hego Koreako presidenteak gerra-legea ezarri eta ordu gutxitara bertan behera utzi duen arren, krisi politikoa baretzetik urrun dago. Gerra-legea erretiratu izana ez da nahikoa izan oposizioko alderdientzat, eta Alderdi Demokratak (PD) eta beste bost alderdik presidentea kargutik kentzeko mozioa erregistratu dute asteazken honetan.
Hego Koreako presidentearen alderdiak (PPP) gutxiengoan agintzen du, eta, hortaz, oso litekeena da bere aurkako mozioak aurrera egitea, eta kargua utzi behar izatea.
Mozioa datorren ostiralean edo larunbatean (abenduak 6 edo 7) bozkatuko dute Hego Koreako Parlamentuan, bertako legeak ezartzen duen 72 orduko epearen barruan.
Yoon Suk Yeol kargutik kentzeko Parlamentuaren babes zabala beharko du mozioak (300 parlamentarietatik 200ena, gutxienez).
Gerra-legea ezarri eta bost ordura, bertan behera
Yoon Suk Yeol Hego Koreako presidenteak bart gerra-legea ezarri eta bost ordura bertan behera utzi du, Asanblada Nazionalak neurri polemikoa atzera bota ostean.
Parlamentuan gehiengoa duen Alderdi Demokratak, Yoonen Herriaren Indarra Alderdiaren (PPP) babesik gabe, 2025erako aurrekontu orokorrak onartu ostean hartu du erabakia azken horrek. Dirudienez, aurrekontuek murrizketa ugari aurreikusten dituzte, baita fiskal nagusia eta erakunde publikoen kontuak monitorizatzeaz arduratzen den Auditoretza eta Ikuskaritza Batzordeko arduraduna kargutik kentzea ere.
Konstituzioak presidenteari ematen dio "beharrizan militarrengatik" edo "segurtasun eta ordena publikoa mantentzeko" gerra-legea ezartzeko ahalmena, baina erabaki hori Asanblada Nazionalari jakinarazi behar diola ere esaten du. Parlamentuak gehiengoz hala eskatzen badu, presidenteak atzera egin behar du, Konstituzioaren 77. artikuluak jasotzen duenez.
Hego Koreako presidenteak, gerra-legea ezartzearekin batera, oposizio politikoari "Estatuaren aurkako jardueretan" aritzea leporatu dio. Era berean, "matxinada planifikatzen" ibiltzea egotzi dio.
Presidentearen arabera, "ordena konstituzionala babesteko" ezarri du gerra-legea eta "Estatuaren aurkako" ekintzak leporatu dizkio oposizioko alderdi nagusiari, Alderdi Demokratari (PD).
Lee Jae-myung oposizioaren buruak salatu duenez, aldiz, "presidenteak traizioa egin dio Hego Koreako herriari". Azpimarratu duenez, "une honetatik aurrera Yoon Suk Yeol ez da jada herrialdeko presidentea".