Mundua -
Krisia Hego Korean
Zergatik deklaratu du gerra-legea Hego Koreako presidenteak?
Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidenteak gerra-legea aldarrikatu du "estatuaren aurkako" jardueratzat jotzen duenaren aurrean ordena konstituzionala babesteko. Azken 50 urteetan, hiru aldiz ezarri da neurri hori herrialde horretan.
Agentziak | EITB MEDIA
Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidenteak ustekabean deklaratu du gerra-legea, eta oposizioko bloke nagusiari "Ipar Koreako indarra" izatea egotzi dio; izan ere, bi alderdien arteko tentsioak handiak dira egunotan, eta, gainera, buruzagiaren populartasuna minimoetan dago.
Yoonek lege martziala iragarri du telebistan, "ordena konstituzionala" babesteko. Egindako agerraldian, "estatuaren aurkako" ekinbideak leporatu dizkio oposizioko bloke nagusiari, Alderdi Demokratari.
Alderdi Demokratak gehiengoa du Asanblea Nazionalean (Parlamentua), eta horrek onartu berri ditu 2025erako aurrekontu orokorrak, herrialdea gobernatzen duen eta Yoon buruzagi duen Herriaren Indarra Alderdiaren babesik gabe. Horrek deitoratu duenez, aurrekontuok murrizketa ugari ditu, eta hainbat mozio dakartza ere, hala nola fiskal nagusia eta erakunde publikoen kontuak monitorizatzeaz arduratzen den Auditoretza eta Ikuskaritza Batzordeko arduraduna kargutik kentzea.
Yoonen presidentetza oso ahulduta geratu zen oposizioko Alderdi Demokratak joan den apirilean hauteskunde legegileak irabazi zituenetik, eta ordutik bere gobernuak ezin izan ditu proposatutako legeak aurrera atera.
Yoonek berak astearte honetan telebistan emandako hitzaldian azaldu duenez, 2022ko maiatzean karguaren zina egin zuenetik 22 kargugabetze prozesu izan dira bere gobernuko kideen aurka, eta oposizioak hamargarren saiakera bultzatu du hauteskunde legegileen ostean Asanblea Nazionala berriz martxan jarri zenetik.
Agintari kontserbadoreak esan zuen egoerak ez duela "aurrekaririk" herrialdearen historian eta politika globalean, ekintzek Gobernuaren kudeaketa ahalmena ahuldu dutela argudiatuta.
Lege martzialaren adierazpena bart bozkatu du Asanblea Nazionalak, aldeko 190 botorekin, eta, Hego Koreako Konstituzioaren arabera, presidenteak atzera egin behar du.
Nabarmentzekoa da Yoonek inoiz baino populartasun baxuagoa duela egun; horren arrazoiak askotarikoak dira, hala nola Kim Keon-hee lehen damaren kontra jarritako salaketen kudeaketa, ekonomiaren egoera eta presidentearen komunikazio falta.
Lehen damak kritika ugari jaso ditu, izan ere, salaketak jarri dizkiote luxuzko poltsa bat onartzeagatik. Salaketon arabera, poltsa onartu zuen ustezko mesede-tratu baterako eta ekintzak manipulatzeko. Gainera, egozten diote apirileko hauteskundeei begira agintean dagoen Herriaren Indarra Alderdiko hautagaien izendapenetan eragina izatea.
Horren guztiaren aurrean, Yoonek barkamena eskatu zuen publikoki, eta esan zuen: "Uste dut presidentearen zeregina ez dela aitzakiak jartzea. Hori guztia nire gabeziengatik eta bertute faltagatik da".
Milaka pertsona bildu dira gaur Seuleko Asanblea Nazionalaren aurrean lege martzialaren aurka protesta egiteko eta Yoonen dimisioa eskatzeko, Hego Koreako tropak botere legegilearen egoitza hartzen saiatzen ari ziren bitartean.
Hiru aurrekari 1972tik
1961ean estatu-kolpea eman ondoren, 1963an Park Chung-hee aukeratu zuten presidente, eta 1971n berriz hautatu zuten. Bere agintepean, Hego Korea izugarri hazi zen ekonomikoki, eta presidentearen ospea hazi egin zen 70eko hamarkadaren hasierara arte. Horren gainbehera hasi zenean, 1972an gerra-legea aldarrikatu eta konstituzio autoritario bat onartu zuen; hori indarrean egon zen 1979an bera erail eta gutxira arte.
1980ko maiatzean, orduko presidente Chun Doo-hwanek lege martziala ezarri zuen ere, eta militarrek oposizioko buruzagi politiko nagusiak atxilotu, unibertsitateak itxi, jarduera politikoak debekatu eta prentsa murriztu zuten. Inposizio hark Gwangju hiriko altxamendua ekarri zuen, Seuletik 330 kilometrora hegoaldera, eta bertan armadak 600 zibil inguru hil zituela uste da.
Berrikiago, 2018ko udan, Lee Suk-koo jenerala lege martziala ezartzen saiatu zen, inteligentzia militarrak proposatutako plan baten bidez, Park Geun-Hye presidente ohiaren aurkako protestekin amaitzeko. Hura ustelkeria kasu batean bete-betean sartuta zegoen.