Mundua -

Krisia Hego Korean

Hego Koreako presidenteak gerra-legea ezarri du, baina Parlamentuak salbuespen neurria baliogabetu egin du

Yoon Suk-yeolek gerra-legea ezarri du, eta oposizio politikoari "Iparko Korearen aldekoa" izatea egotzi dio. Hala ere, Asanblada Nazionalak neurria bertan behera utzi du ezohiko osoko bilkuran; eta horrek, Konstituzioaren arabera, gerra-legea atzera botatzera behartzen du presidentea.

Gerra-legearen aurkako protestak, Seulen (Hego Korea). Argazkia: EFE
Gerra-legearen aurkako protestak, Seulen (Hego Korea). Argazkia: EFE
Hego Koreako presidenteak oposizioari Piongiangen alde egitea leporatu dio eta lege martziala deklaratu du

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidenteak gerra-legea ezarri du gaur, eta oposizio politikoari "Estatuaren aurkako jarduerak" aurrera eramatea leporatu dio.

Yoonek telebistaz emandako hitzaldi batean iragarri duenez, ezohiko neurri hori martxan jarri du, eta oposizioari "matxinada planifikatzen" aritzea egotzi dio.

Hego Koreako presidenteak gerra-legea ezarri du "ordena konstituzionala babesteko", eta "Estatuaren aurkako" ekintzak leporatu dizkio oposizioko alderdi nagusiari, Alderdi Demokratikoari (PD).

Lee Jae-myung oposizioko buruak, aldiz, salatu duenez, "Armada herrialdearen kontrola hartzen saiatzen ari da", eta "presidenteak traizioa egin dio Hego Koreako herriari". Azpimarratu duenez, "une honetatik aurrera Yoon Suk-yeol ez da jada herrialdeko presidentea".

Poliziaren blokeoa, Hego Koreako Parlamentuaren sarreran. Argazkia: EFE

Poliziaren blokeoa, Hego Koreako Parlamentuaren sarreran. Argazkia: EFE

Gainera, Hego Koreako Asanblada Nazionalak gerra-legea bertan behera uztearen alde bozkatu du, Yoon Suk-yeolek ezohiko neurri hori iragarri eta gutxira deitutako ezohiko osoko bilkuran.

Osoko bilkuran, ganberan nagusi diren oposizioko indarrek aldeko 190 botorekin onartu dute gerra-legea baliogabetzea, eta horrek, Hego Koreako Konstituzioaren arabera, neurri hori atzera botatzera behartzen du presidentea.

Milaka pertsona Asanblada Nazionalaren aurrean bildu dira gerra-legearen aurka protesta egiteko.

Batzar Nazionalean (Parlamentua) gehiengoa duen PDk, Yoonen Botere Popularraren Alderdiaren (PPP) babesik gabe, 2025erako aurrekontu orokorrak onartu ostean hartu du erabakia azken horrek. Dirudienez, aurrekontuek murrizketa ugari aurreikusten dituzte, baita fiskal nagusia eta erakunde publikoen kontuak monitorizatzeaz arduratzen den Auditoretza eta Ikuskaritza Batzordeko arduraduna kargutik kentzea ere.

Park An-su Estatu Nagusiko buruzagia gerra-legeko komandante izendatu dute, eta Asanblea Nazionalaren zein alderdi politikoen jarduera debekatu du, Yonhap albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Telebista-kateek zabaldutako irudien arabera, Poliziak Batzar Nazionalerako sarrera blokeatu du. Hala eta guztiz ere, oposizioko parlamentariak, manifestariak eta kazetariak Seulgo Ganberan sartu dira, eta eraikinean dauden soldaduak bertatik ateratzen saiatzen ari dira.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hego Korea Ipar Korea Asia