Mundua -
HAUTESKUNDEAK ERRUMANIAN
Boterean dagoen Alderdi Sozialdemokratak irabazi ditu Errumaniako hauteskundeak
Kontaketa ia amaituta dagoela, PSDk botoen % 22,6 eskuratu du. Errumaniarren Batasunerako Aliantza (AUR) ultraeskuindarra bigarren indarra izango da, botoen % 18,2rekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Marcel Ciolacu Errumaniako lehen ministroaren Alderdi Sozialdemokratak (PSD) irabazi ditu Errumaniako Parlamenturako hauteskundeak, babesaren % 22,6 eskuratuta, botoen % 99,45 zenbatuta dagoela.
Calin Georgescu buru duen Errumaniarren Batasunerako Aliantza (AUR) ultraeskuindarra bigarren indarra izango da botoen % 18,2rekin, eta hirugarren, Alderdi Nazional Liberala (PNL, zentro-eskuinekoa), botoen % 13,6rekin. Laugarren, Uniunea Salvati România (USR) zentroko alderdi nazionalista, puntu bat beherago.
Analistek uste zuten Errumanian eskuinerako aldaketa izango zela, aurreko astean Calin Georgescu errusiazale eta ultraeskuindarrak ustekabean hauteskunde presidentzialetan garaipena lortu baitzuen. Botoen ia % 23 lortu zituen, izan ere, Georgescuk.
Senatuari dagokionez, PSDk botoen % 23 eskuratu du, AUR alderdiak baino bost puntu gehiagorekin. Atzetik daude, ganbera horretan ere, PNL eta USR, botoen % 14,5 eta %12rekin, hurrenez hurren.
Historikoki, kontserbadore eta aurrerakoien arteko lehia izan da Errumanian, baina azken urtean europazale eta euroeszeptikoen arteko borroka nagusitu da.
Hauteskunde legegileak nahasmen handiko astea izan dute igaro berri dena. Tentsio handiko astea izan da Errumaniako politikagintzan Georgescuren ezusteko garaipenagatik eta, ondoren, Konstituzio Auzitegiak agindutako zenbaketagatik, Errusiaren esku sartzearen susmoak zirela eta.
Errumania, Itsaso Beltzeko eskualdeko egonkortasunari eusteko giltzarri eta NATOren funtsezko aliatu izan da orain arte Ukrainari mendebaldetik laguntza iristarazteako. Orain, ziurgabetasun politikoko egoera batean murgilduta dago herrialdea.
Hauteskundeetako emaitzak argitu ostean, estatuburua arduratuko da gobernua osatu beharko duen lehen ministroa izendatzeaz, behin bi ganberak eratuta eta bi presidenteak izendatuta.