Mundua -
HAUTESKUNDEAK ERRUMANIAN
Sozialdemokratek irabazi dituzte Errumaniako Parlamenturako hauteskundeak, inkesten arabera
PSDk hiru puntu baino gutxiago galduko lituzke 2020ko legealdiekin alderatuta. Analistek uste zuten Errumanian eskuinerako aldaketa izango zela, aurreko asteko Georgescu errusiazalearen ustekabeko garaipenaren ostean. Beraz, kontaketa ofizialera itxaron beharko da inkestak berresten diren ikusteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gobernuan dagoen Alderdi Sozialdemokratak (PSD) irabazi ditu Errumaniako Parlamenturako hauteskundeak, botoen % 26 eskuratuta, hauteslekuak itxi ostean egindako lehen inkesten arabera.
Errumaniarren Batasunerako Aliantza (AUR) ultranazionalista bigarren izango litzateke botoen % 20rekin, eta hirugarren, agintean dagoen Alderdi Nazional Liberala (PNL, zentro-eskuinekoa), % 15 ingururekin. Laugarren, Union Salvar Rumania (USR) zentroko alderdi nazionalista, % 15ekin.
Analistek uste zuten Errumanian eskuinerako aldaketa izango zela, aurreko astean Calin Georgescu errusiazaleak ustekabean hauteskunde presidentzialetan garaipena lortu ostean. Botoen ia % 23 lortu zituen, izan ere, Georgescuk. Baina inkesta honen arabera, ez da horrela izango. Hori bai, inkestek ez zuten orduan garaipen hura aurreikusi, eta, beraz, itxaron egin beharko da kontaketa ofiziala amaitu arte, ea oraingoan asmatu duten jakiteko.
Inkestak betez gero, PSDk % hiru puntu baino gutxiago galduko lituzke 2020ko legealdiekin alderatuta, eta PNLk, berriz, 10 puntuko beherakada izango luke.
Hauteskunde legegileak nahasmen handiko astea izan dute igaro berri dena. Tentsio handiko astea izan da Errumaniako politikagintzan Georgescuren ezusteko garaipenagatik eta, ondoren, Konstituzio Auzitegiak agindutako zenbaketagatik, iruzurraren susmoak zirela eta.
Georgescu estrategia sofistikatuta erabili zuen TikToken eta ehunka milioi bistaratze lortu zituen, baina adierazi zuen ez zuela dirurik gastatu bere kanpainan. Horrek susmoak sortu ditu legez kanpoko finantzaketa erabili ote duen edo atzerriko interferentziarik izan ote den.
Errumania, Itsaso Beltzeko eskualdeko egonkortasunari eusteko giltzarri eta NATOren funtsezko aliatu izan da orain arte Ukrainari mendebaldetik laguntza iristarazteako. Orain, ziurgabetasun politikoko egoera berri batean murgilduta dago herrialdea.
Hauteskundeetako emaitzak argitu ostean, Estatuburua da gobernua osatzeko ardura izango duen lehen ministroa izendatzeaz arduratzen dena, bi ganberak eratuta eta bi presidenteak izendatuta egon eta gero.