Mundua -
SARE SOZIALAK
Australiak debekatu egingo die sare sozialetara sarbidea 16 urtetik beherakoei
Hori egiten duen lehendabiziko herrialdea izango da. Plataformen ardura izango da neurria betearaztea, eta hori egin ezean, zigorrei aurre egin beharko diete.
EITB MEDIA
Australiako Senatuak lege aitzindari bat onartu du ostegun honetan, eta lehenengo herrialdea izango da 16 urtetik beherakoei sare sozialetan sartzea debekatuko diena. Araua hautsiz gero, Facebook, Instagram eta TikTok plataformek, besteak beste, 32,5 milioi dolarrerainoko (30,7 milioi euro) isunei aurre egin beharko diete.
Idatziak gaur jaso du Senatuaren oniritzia, aldeko 34 botorekin eta kontrako 19rekin, tartean oposizioaren babesarekin. Legeak haurrak eta nerabeak jazarpenetik eta osasun mentaleko arazoetatik babestu nahi ditu, eta kategoria berri bat sortu dute horretarako, "adin-murrizketak dituzten gizarte-hedabideen plataformak" izenekoa, 16 urtetik beherakoei —dagoeneko kontuak dituztenak barne— sare sozialetarako sarbidea debekatzeko.
Zigorrak
Anthony Albanese Australiako lehen ministro laboristak, neurriaren sustatzaileak, duela aste batzuk argitu zuen ez zaiela zigorrik ezarriko ez erabiltzaileei ez gurasoei, eta sare sozialen jabeek izango dutela adin-muga betearazteko ardura.
Ildo horretan, Australiako Segurtasun Elektronikoaren Batzordea arduratuko da araudiak argitaratzeaz, plataforma digitalek eta sare sozialek "arrazoizko neurriak" ezar ditzaten adingabeei sarbidea mugatzeko.
Bien bitartean, Meta eta Google erraldoi digitalek legedia atzeratzea eskatu dute aste honetan, Australiako Gobernuak adina egiaztatzeko proba teknologikoak amaitu arte. Proba horietan datu biometrikoak sar daitezke, legea ezarri ahal izateko.
10 nerabetik 8k ez dute inolako araurik ezta mugarik mugikorra erabiltzeko
Guraso askoren kezka iturri da seme-alabek telefono mugikorrarekin egiten duten erabilera eta konektatuta ematen duten denbora. Gaztetxoek 10 edo 11 urte betetzen dutenean eta lehendabiziko mugikorra eskuartean izaten dutenean adingabeen gaineko "kontrola galtzen dutela" sentitzen dute.
Hala ere, UNICEFen "Teknologiaren eragina nerabezaroan 2023" txostenaren arabera, 11 eta 15 urte bitarteko gazteen % 26,5i jarri dizkiete mugikorraren erabilerari buruzko arauak. % 22,1ek adierazi dute erabilera orduak mugatuta dituztela eta % 11,8k edukiak mugatuta dituztela.
Nerabe gehienak, baina, gurasoak aurrean ez daudenean konektatzen dira, eta ehuneko handi batek onartzen du arrisku-egoerak (sexu-proposamenak, ezezagunekin hartu-emanak, xantaiak, pornografia...) bizi izan dituela.