Mundua -
Erresuma Batua
Zazpi urteko kartzela zigorra ezarri diote haurtxoa kaxoi batean hiru urtez gordeta eduki zuen emakumeari
Emakumearen bikotekideak kasualitatez topatu zuen, 2023ko otsailean. Amak sekretuan gorde zuen jaiotza, eta hiru urtez tiraderan eduki zuen, ezkutatuta. Tarte horretan, umeak ez zuen eguzkiaren argia ikusi, aire freskorik arnastu edo beste gizakirik ikusi.
Agentziak | EITB MEDIA
Zazpi urteko kartzela zigorra ezarri diote haurtxoa kaxoi batean hiru urtez gordeta eduki zuen emakume britainiar bati. Gertakaria Ingalaterrako Cheshire konderriko (ipar-mendebaldea) udalerri batean jazo zen, eta Erresuma Batua hunkituta du kasuak.
Neskatoak ondorio larriak ditu, ezkutatuta eduki zuten tarte horretan ez baitzuen eguzki argirik ikusi, aire freskoa arnastu edota bere ama ez zen gizakirik ikusi.
Egunkari britainiarrek jaso dutenez, emakumearen bikotekideak topatu zuen haurra, ezustean, 2023ko otsailean. Antza, gauzaren baten bila ari zen etxeko goiko solairuko bainugelan eta, bat-batean, haurtxo baten intziria izan zitekeena entzun zuen.
Tiradera zabaldutakoan, haur txikia topatu zuen gizonak, desnutrizio egoera larrian. Berehala Poliziari deitu zion.
Bertaratutako lehen gizarte zerbitzuetako langileak The Guardian egunkariari azaldu dionez, "ikaratuta" geratu zen. "Haurra kaxoian jesarrita topatu nuen, niri begira. Adi-adi begiratzen ninduen, eta atzera-aurrera bere burua kulunkatzen zuen", adierazi du.
"Amari begiratu nion, eta galdetu: 'Hor al duzu?' eta berak, erantzun: 'Bai, tiraderan'. Beldurtuta geratu nintzen ez zuelako emoziorik erakutsi, sorgor zegoen", gaineratu du.
Antza, emakumeak 2020ko martxoan izan zuen alaba, etxeko bainuontzian. Ez zion inori jakinarazi, eta ez zuen erregistratu. Egungo bikotekideak ere ez zuen horren berri.
Andrazkoaren arabera, jaioberria kaxoian sartu zuen, ohea balitz bezala, eta tarteka, janaria eman eta pardela aldatzen zion. Handik denbora batera, lanera itzuli zen emakumea, eta haurtxoa arreta barik uzten zuen hainbat orduz. Beste seme-alaba batzuk ditu andrazkoak.