Mundua -

Ekialde Hurbila

Indarrean da su-etena Libanon, Israelek Gaza kolpatzen jarraitzen duen bitartean

Israelgo Armadak jakinarazi duenez, herrialdearen hegoaldean dituen tropei eutsiko die, eta desplazatuak bizilekura itzultzeko "debekua" mantenduko du. Iranek pozez hartu du Israelek Libanori eraso egiteari uztea.

Libanoar bat su etena ospatzen, bart. Argazkia: EFE
Libanoar bat su etena ospatzen, bart.
Ospakizun ugari eta auto-ilarak Libanora bueltatzeko, su-etena iragarri ondoren

0:42

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herrian 04:00ak zirenean sartu da indarrean 60 eguneko su-etena Libanon, AEB eta Frantzia berme direla. Dena dela, Israelgo Armadak ohartarazi du herrialde arabiarraren hegoaldean dituen tropei eusten diela. 

"Israelek eta Hezbollah taldeak adostutakoaren arabera, bihar (gaurko egunagatik) sartuko da indarrean, Libanon 04:00ak direnean. Libano eta Israel arteko mugako borrokaldiak eten egingo dira. Modu iraunkorrean eteteko akordioa da adostutakoa", iragarri du Joe Biden AEBk presidenteak Etxe Zuritik egin duen mezu batean. 

Aurrez, Segurtasun Kabinetea, Israelgo ministro nagusiak eta segurtasun eta inteligentzia buruziak biltzen dituena, Tel Aviven batzartu da akordioa onartzeko. Akordio horrek ez du Gazako egoera aipatzen, eta, beraz, Israelgo Armadak etengabe erasotzen jarraitzen du Zerrendan.

Meniak hiru fase ditu: hastapeneko su-eten bat, non Hezbollahk Litani ibaiaren iparraldera egingo duen atzera; gehienez 60 eguneko epean, Israelen tropak Libanoko hegoaldetik erretiratuko dira, eta azkenik, Israelek eta Libanok bi herrialdeen arteko muga negoziatu beharko dute; izan ere, gaur egun banalerro bat dago, Lerro Urdina, NBEk 2006ko gerraren ondoren finkatutakoa.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ohartarazi du Israelek "ekintza askatasuna" mantenduko duela Hezbollahk akordioa urratzen badu. "Su-etenaren iraupena Libanon gertatzen denaren araberakoa izango da, eta guk eskuak aske izango ditugu", adierazi du agintariak agerraldi batean. "Hezbollahk akordioa urratzen badu eta armatzen saiatzen bada, eraso egingo diogu. Azpiegitura terrorista berritzen saiatzen bada mugatik gertu, eraso egingo diogu. Kohete bat jaurtitzen badu, tunel bat zulatzen badu, kamioi bat misilekin ekartzen badu, eraso egingo diogu", ziurtatu du Netanyahuk.

Israelek Libanon egindako bonbardaketek 3.500 hildako baino gehiago utzi dituzte azken urtean, baita 1,2 milioi pertsona behartuta desplazatu ere. Israelen, 78 pertsona hil dituzte (horietatik, 47 zibilak), eta 60.000 inguru Hezbollahrekin izandako borroken ondorioz lekualdatu dira.

Lekualdatutako libanoarrei ez mugitzeko deia

Lehen fasearen baitan, Israelgo Armadak eutsi egingo die Libano hegoaldean dituen tropei, eta hala, jakinarazi du desplazatutako herritarrek "debekatuta" dutela euren bizilekuetara itzultzea. 

Ildo beretik mintzatu da Libanoko Armada, eta lekualdatutakoei itxaroteko deia egin die. "Armadak deia egiten die herritarrei itxaron dezatela euren herri eta hirietara itzultzeko, etsai israeldarrak erretiratu arte. Mesedez jaramon egin militarrei, segurtasunaren izenean", azaldu du, ohar bidez. 

Iranek pozez hartu du "Israelgo erasoen etena" Libanon

Irango agintariek pozez hartu dute Israelek Libano "erasotzeari utzi izana" eta babesa azaldu dio Libanoko Gobernuari eta "erresistentziari" —Hezbollah hizpide—. Esmaeil Baqaei Irango Atzerri ministroaren bozeramaileak goraipatu egin ditu Israelgo Gobernuak egindako "ahalegin diplomatikoak". 

Bozeramaileak berriro salatu ditu Israelen "gerrazalekeria eta krimenak" eta horretarako AEBren aldetik izan duen "babes zabala". 

Era berean, nazioarteari "presio eraginkorra" egiteko deia egin dio Gazako Zerrendako gerra geldiarazteko. 

Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak ere txalotu egin du menia. Horren arabera, "espero dut akordio honek bi herrialdeek pairatu duten indarkeria, sufrimendua eta txikizioaren amaiera ekartzea". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Libano Benjamin Netanyahu