Mundua -
AEB
Trumpek iragarri du Kanadako, Mexikoko eta Txinako produktuei muga-zergak jarriko dizkiela
AEBko presidente hautatuak esan duenez, "fentaniloaren fluxua" eta "legez kanpoko migrazioa" gelditu nahi ditu neurri honekin. Agindu du Mexikoko eta Kanadako inportazioei % 25eko muga-zergak jariko dizkiela, eta Txinakoei, % 10ekoak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kanpainan behin eta berriz atera zuen muga-zergen gaia Donald Trumpek AEBko presidente hautatuak, eta bozen osteko agerraldietan argi ari da uzten hori dela bere lehentasunetako bat. Atzo iragarri zuen Mexikoko, Kanadako eta Txinako produktuei muga-zergak ezarriko dizkiela, eta horretarako eman zuen arrazoia "legez kanpoko migrazioa" etetea eta "drogaren, eta, bereziki, fentaniloaren fluxua" geratzea izan ziren.
Thuth Social sare sozialean zabaldutako mezuan, Trumpek zehaztu zuen Mexikotik eta Kanadatik AEBra inportatutako produktuek % 25eko muga-zerga izango dutela, harik eta "paperik gabeko migratzaileen eta drogaren inbasioa" amaitu arte. Azaldu zuenez, bi herrialdeok badute ahalmena arazoa konpontzeko. "Duten boterea erabili eta arazoa konpontzeko eskatzen diegu. Bien bitartean, garesti ordaindu beharko dute!", esan zuen.
Halaber, AEBko presidente hautetsiak azaldu zuen "askotan" hitz egin duela Txinako agintariekin, bere hitzetan, Estatu Batuetara Txinatik iristen den "drogaren, eta bereziki, fentaniloaren" inguruan. "Baina alferrik da. Txinako agintariek hitz eman zidaten zigorrik handiena ezarriko zietela narkotrafikatzaileei, baina, tamalez, ez dute zin egindakoa bete. Inoizko droga kopuru handiena ari da gure herrialdera sartzen. Fluxu hori eten bitartean, % 10eko muga-zergak ezarriko ditugu", erantsi zuen. Zerga horiek lehendik daudenei gehituko zaizkie.
Berehala etorri da erantzuna. Txinak AEBn duen enbaxadak X sare sozialean idatzi du "inork" ez duela irabaziko gerra komertzial bat: "Txinaren eta AEBren arteko lankidetza ekonomikoak eta komertzialak bi herrialdeei egiten die mesede. Inok ez du muga-zergen gerra bat irabaziko".