Mundua -
Gerra Libanon
Su-etena adostear dira Israel eta Hezbola Libanon
Israelgo enbaxadoreak astelehen honetan baieztatu duenez, negoziazioak aurreratuta daude. Ameriketako Estatu Batuek akordiorako proposamena egin zuten, eta bihar Israelgo Segurtasun Kabinetea bilduko da dokumentuari oniritzia emateko.
Agentziak | EITB MEDIA
Israelek NBEn duen enbaxadore Danny Danonek astelehen honetan Segurtasun Kontseiluaren aurrean baieztatu duenez, Libanon su-etena lortzeko negoziaziok aurreratuta daude, baina zalantzan jarri du Hezbola talde xiita libanoarraren jarrera.
"Libanon su-etena lortzeko bidean gaude, baina, aldi berean, Hezbolak 500 kohete baino gehiago jaurti ditu milioika israeldarren aurka, duela 24 ordu bakarrik. Asteburuan zehar, 500 suziri erori dira familia errugabe, eskola eta etxeetan", adierazi du.
Amos Hochstein bitartekari estatubatuarra joan den astean egin zuen su-eten baterako akordio-proposamena, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak onartu omen zuen.
Su-etenerako proposamenak hiru etapa barne hartzen ditu: Hezbolaren indarrek Litani ibaiaren iparraldera atzera egitea, tropa israeldarrek Libano hegoaldetik erabat erretiratzea eta, azkenik, Israelen eta Libanoren arteko negoziazioak abiatzea bi herrialdeen arteko muga zehazteko; izan ere, gaur egun, 2006ko gerraren ondoren finkatu zuen NBEk.
Israelgo Segurtasun Kabinetea bihar, asteartea, bilduko da Tel Aviven AEBen proposamenari oniritzia emateko.